espetxe politika
Udaberriarekin Ines del Rio Tafallara itzul dadila eskatu dute
Ines Del Rio presoaren herriko kaleak zeharkatu zituzten atzo 1.500 pertsona inguruk haren askatasuna aldarrikatu eta 197/2006 doktrinaren baliogabetzea eskatzeko. Herrirak euskal presoen aurkako politika salatu zuen beste behin eta ohartarazi zuen «giza eskubideak urratzen» ari direla «sufrimendua luzatzeko eta konponbide prozesua oztopatzeko».
Maider EIZMENDI | TAFALLA
«Tentsio eta urduritasun handiko uneak dira Inesentzat eta bere inguruko guztientzat», hala mintzatu zen Itziar Zamakona laguna atzo eguerdian Tafallako kaleak zeharkatuko zituen manifestazioa abiatu baino minutu batzuk lehenago. Asteazken honetan Estrasburgoko Areto Handia osatzen duten hamazazpi epaileek pasa den uztailean Ines del Rio presoa askatzeko emandako agindua berrikusiko dute, Gobernu espainolak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakiari helegitea jarri ostean. Europatik iritsitako agindu hark kolokan jarri zuen 197/2006 doktrina, Tafallako presoaz gainera beste 70 euskal preso politikori ere eragiten diona.
«Hogeita bost urte eta erdi daramatza espetxean -jarraitu zuen Zamakonak-, berari aplikatu zioten doktrina ez dela legezkoa onartu du epaitegiak, eta hala ere, espetxean jarraitzen du; hori gain zigor handia da Inesentzat eta baita bere senideentzat ere». Estrasburgoko epaia baldintzatze aldera Gobernu espainolak abiatutako kanpainaren harira, aipatu zuen agintari espainolek jakin badakitela «euskal presoen aurka esterminio politika sortu» dutela, eta «justiziak behingoz presoei arrazoia eman» diela ikustean, «alarma sortzea» dela «esku artean duten aukera bakarra».
Herriaren indarra eta berotasuna ere goraipatu nahi izan zituen Zamakonak: «Inesek lehen unetik sumatu du bere herritarren babesa eta horrek asko lagundu dio zain egon behar izan duen denbora guztian».
Atzo beste behin bere herrikideek haize ufada bidali nahi izan zioten, herriko kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsuarekin.
Eguerdiko hamabiak jota zirela abiatu ziren bertaratutako 1.500 lagunak «197/2006 doktrina eten. No a la cadena perpetua. Ines askatu» zioen pankartaren atzetik. Lehen pausoak eman bezain laster hasi ziren manifestariak «Ines askatu!» deiadarka, manifestazioaren amaiera bitartean dozenaka alditan errepikatu zuten oihua.
Ibilbidearen erdi partean joaldunak batu zitzaizkion manifestazioari eta joarearekin jarri zieten manifestariei erritmoa eta hotsa. Ibilbidean zehar, halaber, Del Rioren argazki handi bat zabaldu zuten, manifestarien txalo artean.
Berriz ere Nafarroa Plazara itzulita eta Fermin Valencia abeslariak «Si llora Tafalla» kantuarekin ekitaldia itxi aurretik, Fran Balda Herrirako ordezkariak hartu zuen hitza eta Inesek Tafallako kaleetan egon behar zukeela gogoratu zuen: «Ez dago kalean, 25 urte hauetan salbuespen neurriak aplikatu dizkiotelako urruntzeko, hondoratzeko, zigorra osorik beteta ere giltzapean edukitzeko». Bere hitzetan, Tafallako presoaren eta beste 600 euskal presoen «giza eskubideak urratzen ari dira» helburu gisa sufrimendua luzatzea, konponbide prozesua oztopatzea eta bakearen etorrera berandutzea hartuta.
Baldak gogoan hartu zituen Ventura Tome preso tafallarra, minbizia duela jakin baita aste honetan bertan, eta Angel Figueroa, orain lau egun hil zen presoa. «Salbuespenezko espetxe politikak eragindako zorigaiztoko ondorio argia da», salatu zuen, euskal gizarteak «espetxe politika anker honen amaiera eta beronek sortzen duen sufrimendua amaitzea» nahi duela nabarmenduz jarraian. Horregatik, Gobernu espainolari mezua luzatu zion, «neurri politiko gogor horiek guztiak bere kontrako bihurtuko zaizkiola, eta herri honetako herritar gehienak aurka dituela» gogoratuta.
Elkartasuna inoiz baino garrantzitsuagoa dela adierazi zuen, batik bat, «Alderdi Popularra neurriz gora ari delako soka tenkatzen, sufrimendua areagotzen kartzeletan eta preso politikoen gertuko guztiengan». Horrenbestez, lanean jarraitzeko deia luzatu zuen eta hurrengo hitzordu garrantzitsua asteazkenean izango dela gogorarazi, Europako Giza Eskubideen Auzitegia Inesen gaineko epaia berrikusten hastearekin batera Euskal Herri osoan deitu diren mobilizazioetan: «Lortuko dugu, oraindik bultzaka jarraitu behar dugu, baina pareta hori erori egingo da azkenean, erortzear dago, eta horrexegatik daude hain urduri zaindariak», ohartarazi zuen.
Bake prozesuaren uretan
Tafallako Herriraren izenean Xabier Salvok eta Inge Mendozak hartu zuten hitza. Argitu zutenez, Inesen askatasuna eta doktrinaren ezeztapena ez ezik, «euskaldun guztioi zor zaigun eskubideen bermea» da helburua. Kritikatu zuten atzoko manifestazioa debekatzeko egin diren saialdiak, «zer eta Europako Epaitegiak eskatu duen gauza bera eskatu nahi genuelako, Inesen askatasuna eta 197/2006 doktrina bertan behera uztea».
Euskal presoen eskubideen aldeko borroka iceberg batekin alderatu zuten eta Inesen kasua agerian dagoen izotz zatiaren punta baino ez dela iritzi zioten. «Iceberg honi darion haize freskoarengatik, kosta ahala kosta urtu egin nahi dute torturekin, dispertsioarekin, biziarteko zigorrekin...». Aipatu iceberga urtuko bada, ordea, «preso eta iheslari guztiak herrira datozenean» izango dela esan zuten, «egiazko bake prozesu baten uretan».
Herriraren ondotik Jose Mari Esparza herrikideak hartu zuen hitza Tafallako bizilagunari zuzenduta, eta gogora ekarri zituen euskal presoen aldeko borrokari jarritako traba guztiak.
Estatu espainolak beldur duela iritzi zion, besteak beste, «eurek esklaboen artalde globalizatua» nahi dutelako eta «guk, berriz, askeak diren herri libreen taldea». Hura lortze aldera tresna ugari daudela aipatu zuen Esparzak: «Borroka politikoa dugu, gure instituzioak garbitzeko, erresistentzia justuak ez diren legeen kontra, desobedientzia zibil aktiboa, elkartasun internazionalista, langileen borroka eta antolakuntza...».
Bidean, baina, bete ezin diren hutsuneak sumatzen direla onartu zuen. «Gaur hemen Ines falta da, falta da Jone, falta da Josu...» zerrendatzen joan zen Angel Figueroa ere gogoratuta, txaloek hitza eten zioten arte.
Azkenik, Estatu espainolari «lapurtutako» guztia itzularazi behar zaiola nabarmendu zuen Esparzak, «maiteen dugunetik hasita, gure anai-arrebetatik hasita, alegia».
Estrasburgoko Auzitegia epaia berrikusten hasiko da asteazkenean. Egun horretarako, makina bat ekimen antolatu dira Euskal Herriaren luze-zabalean 197/2006 doktrina gaitzesteko.
Tafallako kaleetan Angel Figueroa presoaren heriotza salatzeko kartel ugari ikus zitezkeen. Manifestazioan eta ondorengo hitzetan ere ondo gogoan hartu zuten Algortako presoa. Haren heriotza salatzeko, halaber, atzo 96 lagun batu ziren Usurbilen; ostiralean, berriz, 80, Otxandion.
Bizkai Buru Batzarreko presidente Itsaso Atutxak dei egin zion Gobernu espainolari Estrasburgoko Epaitegiak hala erabakitzen badu, «legea bete eta `Parot doktrina' ezarria duten presoak aska ditzala».
Debagoienako hainbat herritarrek Jaengo espetxearen aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo, Jesus Mari Zabarte Arrasateko presoaren askatasuna eskatu eta 197/2006 doktrinaren aplikazioa salatzeko.
Goizeko ordu bietan jarria zuten hitzordua Jaengo espetxerantz abiatzeko eta Guardia Zibilaren bi kontrol igaro ondoren iritsi ziren herritarrak haren atarira.
Bertan, Arrasateko Udalak Zabarteren askatasunaren alde eta 197/2006 doktrinaren aplikazioaren aurka onartutako mozioa entregatu dute. Oñatiko Udalak adostutakoa, aldiz, fax bidez bidali dutela jakinarazi zuten.
Zabarteri urtarrilean aplikatu zioten 197/2006 doktrina, Xabin Usandizaga oñatiarrarekin eta Andoni Cabello Urbinako bizilagunarekin batera.
Zabartek, irteera data 2013ko martxoaren 29rako zuen finkatua, baina, 197/2006 doktrina aplikatuta, zigorra 2015era arte luzatu diote. Herritarrek gogora ekarri zuten moduan, Zabartek orain hamar urte baino gehiago bete zituen ezarritako zigorraren hiru laurdenak
Etxerat elkartearen txostenean jaso denez, Xabin Usandizaga oñatiarrari ere aplikatu diote doktrina bera. 1997an espetxeratu zuten, eta egun, hura ere Jaengo espetxean daukate preso. Irteera data izan aurretik aplikatu diote zigorraren luzapena, eta orain ere ez diote irteera datarik finkatu.
Martxa iragartzeko egin zuten agerraldian 197/2006 doktrina euskal presoen aurka aplikatzen den salbuespenezko beste neurri bat dela salatu zuten, eta ohartarazi, tresna hau baliatuta, presoei espetxe zigorra arbitrarioki luzatzen dietela. Egoera salatzeko asteazken honetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere luzatu zuten Debagoienako bizilagunek.