Ezuste handiarekin abiatu da Binakakoa
Jon LEUNDA
Ezuste handiarekin abiatu zen Berezkoen Binakako Txapelketa, irabazteko faborito nagusiak diren Agusti Waltarik eta Thierry Harizmendik galdu egin baitzuten lehen partida. Hori gutxi ez eta, emaitza are eta harrigarriagoa izan zen, 22 kintzetan geratu baitziren faboritoak.
Larretxearen eta Ximun Lanberten aurka jokatu zuten lehen partida hau, eta bikote lapurtarrak sekulako norgehiagoka egin zuen, eta 40-22 irabazi. Sarako Pleka trinketeko harmailak bete zituzten zaleek ezuste handia hartu zuten, baina partida ikusi ostean, garbi geratu zen irabazleak askoz ere hobeto aritu zirela.
Larretxeak sekulako norgehiagoka egin zuen. Hastapenetik menperatu zuen aurrean Waltari. Kubako aurrelariak betiko trinketetan jokatzeko izaten dituen arazoak berriro ere agertu ziren, horietan ez baitu modernoetan bezala pilotak abiada hartzen, eta hor arazo asko izaten ditu.
Baina ez zen Larretxea bakarrik izan, atzean Lanbertek ere sekulako norgehiagoka egin baitzuen. Harizmendiri ez zion ezertan utzi, eta finalerdietan izateko lehen urratsa egin zuten. Garbi ikusi zen baita ere Waltari eta Harizmendi ez direla garaitu ezin diren horietakoak, eta gainerako bikoteek ere animo ederra hartuko zuten atzoko norgehiagokaren ostean, eta zaleentzat ere ez da batere berri txarra.
B multzoan, berriz, ez zen ezusterik izan, Biellek eta Ezkurrak 40 eta 37 irabazi baitzieten Laurent Lanberti eta Bonebeltxeri. Norgehiagoka bikaina izan zen, A multzokoa baino ederragoa. Partidan zehar berdinketa bat baino gehiago izan ziren, eta oren eta erdi pilotan aritu ostean, Biellek eta Ezkurrak lortu zuten lehen puntua.
Azkaine
Gaur, Azkainen, 17.00etatik aurrera jokatuko da bigarren jardunaldia. Bertan, B multzoko neurketak zabalduko du jaialdia. Agirrek eta Ozafrainek Intxausperen eta Jannotsen aurka jokatuko dute lehen norgehiagoka. Agirre eta Ozafrain dira garaipena erdiesteko faboritoak. Bankako atzelariak badaki txapelak janztea zer den, eta berak markatu beharko lituzke neurketa honetako aldeak.
Bigarren partida, berriz, A multzoko pilotariek jokatu beharko dute. Etxeberri eta Etxeto Sorhueten eta Ducassou II.aren aurka neurtuko dira. Neurketa honetan zaleek badute Ducassou gaztea ikusteko gogoa, orain arte sekulako maila ematen ari baita, eta bera da pilotazaleen itxaropenik handiena. Sorhuet lagun bikaina izango du, eta biek batera bikote indartsua osatu dute.