KRONIKA | 18. KORRIKA
Bultzada itzela Baxenabarren eta Xiberoan: «Eman uxkara elkarri!»
Eman uxkara elkarri!» erran zuten atzo Maule aldean. Korrikaren aldeko oihuak askotariko doinuak ditu eta «r» markatuarekin aditu zen atzo Baxenabarren eta Xiberoan. Jende andana bildu zen eta asteburua izanik, besta egin zuten han eta hemen ekimenarekin lotuta. Goizaldean Nafarroa Garaira sartu zen martxa Bortzirietatik eta Pirinioetan segituko du gaur.
Maider IANTZI
Iban eta Josu Atarrabiatik etorri dira Pirinioetara. Ibañetako lepo zurian daude lasterketa iristeko zain. Kontatu digutenez, momentu hau bakarrik zuten parte hartzeko eta ez dute hutsik egin. Euskaraz bizi dira eta beti babesten dute ekimen hau; «egin beharrekoa» dela deritzote. Orreagan, gaupasero kuadrilla bat batu zaio Korrikari. Sekulako giroa jarri dute eta estalaktitekin egindako lekuko inprobisatuak eraman dituzte.
Bezperan bezala, hagitz ederrak dira paisaiak, dena zuri-zuri, eta hotzak ere bai. Baina dantzan ekin diote euskalakariek egunari. Furgoneteroak ere aurpegi alaiz daude. «Korrika pixka bat egin eta ja esnatu gara», diote kementsu. «Gaur ez du hemen hotzik egiten, beroa ateratzen zaigu barnetik euskararen alde gaudelako», dio mikrotik furgonetako kide batek lasterkariak animatuz. Tarteka, irrintzi indartsuak ere botatzen ditu emakume honek, jendea hunkitu eta pizten duten oihuak.
Bertze animatzaile bikain bat Portugaleteko Gabi da. Aurizberritik dator eta ez du ematen gelditzeko asmorik duenik. Agurka, behar baldin bada trafikoa zuzentzen, kantuan edo dantzan, argazki guztietan ateratzen da irri zabalarekin.
Berriozarko udal langileak ere Ibañetako parajeetan dira beren kilometroa egiten eta txalo artean pasatu diote lekukoa Atarrabiako Etxe Beltza elkarteari. Mutiko bat haserre doa aitaren lepoan: ez du lekukoa hartu nahi! Harrituta ari da denari begira. Pixka bat handitzen denean ulertuko du makila arraro hori zer den, Markel mutikoak bezala. Ikurrina gogoz astintzen duen arren, txikia da Markel oraindik eta inguruko guztien mimoak jaso ditu Leire izebaren eskutik doala. Bertze batzuk jaio baino lehen hasten dira, Andrearen sabeleko haurra kasu.
Luzaidetik Arnegira egin du lasterketak, Nafarroa Garaitik Nafarroa Beherera. Kilometro hori, 452.a, Udalbiltzako ordezkariek osatu dute. Hauek Realeko arropa jantzita duen Astigarragako kuadrilla bati eman diote testigua, eta hauek, denek eskuak altxata korritu ondotik, Marimendi emakume mendigoizaleen taldeari.
Baigorrin, ardiak ere lasterka ibili dira, eta eskoletako ikasleekin batera, Donibane Garazira ailegatu gara. Ederra eta alaia izan da hiriburuan sartzea: herritarrek euskararen aldeko indar izugarria erakutsi dute. Bertan da Aurore Martin ere, Didier Agerre presoaren argazkiarekin.
«Emeki-emeki, goxoki egin dut bertako kilometroa, euskararen alde, ikastolen alde. Ortzaizeko ikastolan ditut haurrak. Gero, Gamartera joanen naiz presoen aldeko kilometroa egiteko», adierazi du Ortzaizeko Gorrinek, gelditu eta atseden hartzen ari dela. Euskaraz bizi da eta «gora Korrika! Aitzina!», bertzerik ez du errateko.
Txirula joz
Bazkalondoan, Oztibarre lurraldean, Donaixtin ibili da Korrika. Takarraran taldea elur bolak elkarri botatzen jostatu da eta inguruko AEK-ko ikasle, irakasle eta laguntzaileek euskara ikasteko gogoa, bertutea eta indarra erakutsi dute. Oxkaxteko lepoan barna, Baxenabarretik Xiberoara igaro gara. «Tipi-tapa, tipi-tapa» hasten dira furgoneteroak, eta ez dago hitzik testigua daraman mutiko txikiak «Korrika!» berak bakarrik, irmo, erantzutean transmititzen duena azaltzeko.
Santutxuko Ainara eta bere bikotea, bata bizikletan eta bertzea korrika, txandaka ari dira kilometro pila egiten. Bizikletaren karroan beren bi umeak daramatzate.
Elurraren arrastoak, manta zuriak eta motak tartekatzen diren paisaian, txirula hotsa aditzen hasi gara. Hara non dagoen Mixel Etxekopar abeslaria, lasterka eta pieza bat jotzen. Geroago, Maulen, mintzatu gara berarekin eta kontatu digu Pagolatik kilometroak tarteka eginez datorrela. Lasterka eta musika jotzen aldi berean nola moldatzen den galdetuta, «hogei urte daramatzat horrela!» bota du. Gotaineko artistarentzat «beti da pozgarria» ekimen honekin bat egitea, baina pena bat duela aitortu du, Xiberoako Xiru musika eta sorkuntza jaialdiarekin batera direla Korrikaren azken egunak.
Xiberoako hiribururako sarreran garbi ikusi eta aditu da, indarrez, presoak etxera ekartzearen aldeko oihua. Amnistiaren pankarta zabaldu dute, eta Nafarroako bandera eta arrano beltza aireratu dituzte. Mixel Etxebest auzapezak eraman du, bertze batzuen artean, lekukoa. Maili herritarrak, aldiz, ia bi ordu zeramatzan ordurako korrika. «Gurasoekin ikasi nuen euskara, baina gero galdu egin nuen eta AEKn ikasi dut bi urtez. Egunero mintzatzen naiz orain euskaraz eta nire bi alabek hizkuntza honetan ikasten dute», dio harro. Pernan Morales ortuellarra ere euskaraz bizi da, kotxean zeraman haur txikiarekin eta bikotearekin: «Gure herrian oso zaila da, baina gutxienez saiatzen gara».