GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | ARABAKO BERTSOLARI TXPELKETA

Gonak altxatzeko beldurrik gabe jantzi du txapela Pereak

Oihane Perea da 2013ko Arabako Bertsolari Txapelduna. Gasteiztarrak hirugarrenez jantzi zuen atzo txapela Printzipal antzokian ospatutako finalean. Berarekin batera Manex Agirre aritu zen buruz burukoan. Biek eskuratu dute udazkenean abiatuko den Txapelketa Nagusirako txartela.

p008_f02.jpg

Ane ARRUTI

Sor Oihane bezala bataiatu zuen Iñaki Viñasprek -«Vatikanoa ez da izango Araba baino gehiago/ aurten txapeldun berri batera aldatu beharra dago», kantatu zuen agurrean- baina abituak jantzi baino, altxa edo erantzi nahiago duela argi utzi zuen Pereak. Jantzi, txapela jantzi zuen, hirugarrenez. Abel Enbeitak, duela 30 urte Arabako bertsozaletasuna pizten aitzindari izan zenak, jantzi zion txapela, eta hunkituta, 600 bat lagunen txalo artean, besarkatu ziren biak Printzipaleko oholtza gainean. «Talderik gabe bakarkakoak ez du gehiegi axola/ bonbo soinuak ta zuek jartzen didazue borborka odola/ hau ere bada zuena eta Lautadako bertso eskola», kantatu zuen Oihanek azken agurrean, anfiteatroan bonbo eta txindata joaz zeuden lagunei eskertuz eta Arabako bertsolaritzaren izaera taldekoa, kuadrillakoa dela gogoratuz.

Sei bertsolari aritu ziren atzokoan kantuan eta, hurrenez hurren, honela gelditu zen sailkapena: Oihane Perea (616 puntu), Manex Agirre (606), Iñaki Viñaspre (411), Asier Otamendi (410), Ruben Sanchez (371) eta Jagoba Apaolaza (341). Lehenengo biek jokatu zuten buruz burukoa -Agirrek 2011n eskuratu zuen txapela eta Pereak 2007 eta 2009an- eta eurek eskuratu dute lau urtez behin ospatzen den eta aurtengo udazkenean abiatuko den Txapelketa Nagusirako txartela.

Sor Oihane izendatzeaz gain, zortziko nagusian bere semea eskolara gonarekin joatearen alde kantatu behar izan zuen Pereak, eta puntu erantzunean Vatikanora begira jarri zuten. «Aita Santu berria Erroma aldean» puntuari, honela erantzun zion: «Eta gu bestaldera gabiltza bidean/ ez da etxean sartuko, ez behintzat nirean/ ta gonak ere altxa ditzala airean».

Buruz buruko kartzelako gaiak, ate baten aurrean jarri zituen bertsolariak, «oinak dardarka dituzu, ez dakizu sartu edo korrika alde egin», zioen. Pereak aste honetan bertan Arabako bi bertsolarik bizi behar izan dutenaren larrutik kantatu zuen. Izan ere, Iker Pastor eta finalean zen Jagoba Apaolazak Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan dute bertso batzuk kantatu izanaren harira. Oihanek dotore josi zituen hiru bertsoak eta hirugarrenarekin -dagoeneko epailearen aurrean- saioa biribilduta utzi zuen: «Begiratu dit bertso batzuk bideo batean ipiniz/ ez ulertuarena eginez eta gorroto aurpegiz/ nere burua ikusi dut berriro bizpahiru aldiz/ eta horixe bera naiz nik aitortuko diot egiz/ buelta erdia eman eta ahopeka neure irriz/ zu lasai egon behar denean kantatuko baitut berriz».

Agirrek erakundeko kide baten paperetik kantatu zuen, komisariako atearen aurrean, bere burua entregatu edo ez zalantzan. «Nahiz hasieran konbentzituta sartu ginen afanean/ azken urteetan ez gara egon inoiz geure onenean/ eta garaiak ta politikak hala eskatu didanean/ zalantza handi ezegonkor bat sentitzen dut barrenean/ agur banoa berriz sasira hautatu dut azkenean/ eta herrira bueltatuko naiz herriak nahi duenean», esan zuen hirugarrengoan.

Aurretik, seiko motzean aritu ziren biak, Manex «Ederra» eta Oihane «Piztia», dagoeneko bata bestearen edertasunaz nahiz piztikeriez nazkaturik. «Maitasun pixkat tarteka/ maiteminduta gaude ta/ badago baina bukatu behar da gure lasterketa/ nago zurekin aseta/ benga akabo puñeta/ ohea beti baitago zure ileez beteta», bota zion Agirrek, eta Piztiaren erantzuna: «Ez exajeratu tira/ botatzen didazu dida/ enaiz ederra baina jatorra banauzu sikira/ joango naiz baserrira/ nere antzekoen erdira/ ta zuk jarraitu ezazu zure zilborrai begira».

Umoretsu

Orokorrean umore gaietan hobeto moldatu ziren sei bertsolariak eta jakin zuten urduritasunari eusten. Viñaspre oso txukun aritu zen saio osoan zehar, ariketa gehienetan utzi zituen ale ederrak. Hamarreko txikian, Agirrerekin batera zuzendariak dutxak zelatatzen harrapatu zituenean, esaterako. «Zigorra berdin-berdin baldin bada hiru aste/ hurrena utz gaitzazu dutxa bukatu arte», bota zuen. Bakarkakoan utzi zuen, agian, alerik onena. Bezperan zuen azken lan eguna baina egunero bezala 06.30ean esnatu zen gosaltzera: «ezer ez dut egiteko eta buruan dut dema/ igual ez da hain ederra jubilazioarena», bukatu zuen lehenengoa. Bigarrena hauxe: «Baina emaztea jeiki egin da halako baten/ ta esan dit denboratik soberan gabiltza aurten/ egun dena elkarrekin ya ezin digu hau inork ken/ nobio garaian bezela parkean bankuan egoten/ edo Inserso bidaiak aukera hor da izaten/ ahatei jaten ematen edota obrak ikusten/ ea nere ondorengoak ere aukera hori duten».

Otamendik txapeldunarekin hamarreko txikian osatutako ofizioan ere nahikoa barre egin zuten bertsozaleek. Bakoitza bere aldetik ezkontzekoak ziren eta kuadrillakoek despedida prestatu zieten streaptease eta guzti. Lotsatuta komunera alde egin zuten, ordea, biek. Eta han... «Nere bizkarra dugu haundi galakoa/ ikus dezakezunez enago plakoa/ gorputz guztia daukat nola halakoa/ hemen dagon guztia nahi bezalakoa/ zaldin tamainokoa dut aparatoa». Zaldiak eta zaldi haragiak gora-behera, hauxe erantzun zion Pereak: «Mugi ezazu hori zure gerritikan/ txapelen bat izango duzu hor patrikan». Bakarkakoan, alzheimerra duen eta semea ezagutzen ez duen aitari bisitan kantatu zuen Otamendik. «Nahiago nuke burmuin aldetik oraindik sano balego/ baina holakoak gertatzen dira urteak pasa ta gero/ gorputzez ezin baliatu ta buru aldetikan zero/ hainbat nahaste ta endredo/ baina hartuko zaitut bero/ aizu nor zara galdetu arren nahiz bihurtu erdi ero/ seme berri bat izango duzu egunero-egunero», izan zen bere bigarrena.

Ruben Sanchezek, berriz, denari adi-adi zegoela argi erakutsi zuen pare bat alditan. Apaolazarekin egin zuen lehenengo ofizioa, drogekin arazoak zituen lagun baten inguruan kantatu behar izan zuten. Aitzol izena jarri zion Sanchezek eta hurrengo bertsoan Imanol deitu zion Apaolazak. «Lehenago batzuk galdu direla badago hamaika lekuko/ baina gure Aitzol edo Imanol horrek badu hainbat truko», kantatu zuen. Bakarkakoan ere, drogen inguruan aritu zen eta lehenengo bertsoan poto batek alde egin zion, eta bigarrengoan berak aipatu zuen: «Ustekabean bihur zitzaigun gure burua kalteko/ hobeto nago nik drogarekin aspaldi ez dut egin topo/ baina ajeak ez doaz guztiz tarteka egiten dut poto».

Apaolazak puntu erantzunean oso ondo asmatu zuen. «Venezuelak galdu du Chavezen itzala», izan zuen puntua, eta hauxe erantzuna: «baina geratzen dira beste hainbat bala/ Chavez Friasen lana ez dugu makala/ bada iraultza horrek segitu dezala». Bakarkakoan, hipoteka ordaintzea bukatu zuen: «Soldata hori sartua/ sentituz desgraziatua/ etxebizitza bat nahi nuen ta ni izan naiz estafatua/ eta orain askok esan didate behintzat zaude salbatua».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo