Lander GARRO Idazlea
Politika eta kirola
Madrilgo Olinpiar Jokoen hautagaitzaren berri entzuten dudan bakoitzean, «Puerto auziko» kirolariak etortzen zaizkit akordura, politikak eta kirolak bat egiten duten zulo beltz infinituak eramandako behinolako izar haiek, erakundeek (geureek barne) omentzen zituztenak. Nola tokatu zaien Madrilgo Olinpiar Jokoen interesen aldeko marketin kanpainaren ezusteko protagonista izatea, nahi eta nahi ez kamera aurrean eta publikoaren aurrean jarriak, irain ororen jomuga. Zeren eta «Puerto auziaren» jomuga ez baitzen tranpatiak zigortzea, ez bazen Espainiak dopina jazartzen zuela erakustea, kirolari batzuk zigortuz (agertu zirenak) eta besteak barkatuz (agertu ez zirenak, politikak babestu zituenak). Zaila da politika den dike ezin puskatuzkoa hobe definituko duen gertakaria aurkitzea. Kirolariak, politikariek feriako tximuen gisa erabili izan dituzten figura horiek, onura guztien zaindari eta erakusgarri, non eta giltzapean sartuak. Horretarako kirol egokia aukeratu zuten gainera, ordurako ospe txarrekoa: txirrindularitza. Eta, Espainiaren loria handituko zutenak alde batera utzirik (Alberto Contador bereziki), gainerakoak zigortu eta lokaztu zituzten. Hara zer den politika. Dikea. Ze, irudika dezagun bizitza kirolari emandako eta hainbat arrakasta lortutako ziklista bere etxean, hautsa pilatutako trofeoei so, orain etorkizunik gabe, erabiltzen zuten horiek beraiek erretirora behartuta: zer esan behar diogu orain? «Arrakastan bezala balio izan diguzu porrotean, bietara izan zara erabilgarri. Zeu zara aberria». Hori esan behar al diogu manta belaunen gainean txintxo-txintxo karrerari begira egoten zen amonari ere? «Kirola garrantzitsua da, baina politika gehiago». Ulertuko al luke? Prest al legoke amona hori, biloba gerrara doakion amona bezala, bere biloba aberriaren kausara entregatua izan dadin?