Mikel Zubimendi Kazetaria
«The answer is blowing in the wind»
Bob Dylanek erantzungo lukeen bezala, haizea dabil eta haizea atzemanezina da, inork ezin du preso hartu. Ziurra den bakarra gauza ziurrik ez dagoen garaiotan, lagun batek diostan legez, «ezkortasun errealistaren» koiuntura honetan, sumatu dut sumatzen denez Estrasburgoko epaia zein izango den inguruko galdera-ikur existentzial bat. Eta doktrina ontzat emango lukeen hipotesian, politikoki, ia-ia kolapso grabitatorio bat izango litzatekeela, gure planetei eguzkia kentzea bezalakoa-edo. Ahalmen guztiak kolapsatzean, orduan jaiotzen dela argia erantzungo luke Thomas Merton-ek, baina tira, beste errota baterako haizeak dira.
Irakeko gerraren hamargarren urteurrena hari egokia dut argumentua josteko. Gerra hori, sortze beretik, autodefentsa egoeran zegoen estatu subirano baten kontrako gerra-erasoa izan zen, aurrez probokatu ez zen indar armatuaren erabilera politiko bat. Kuriosoa da, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Nurenberg eta Tokioko nazioarteko epaitegien jurisprudentziaren arabera, horrelako gerra-erasoa «bakearen kontrako krimena» zen eta bizirik atera ziren politikari eta militar japoniar eta alemaniarrak «gerra kriminal» gisara epaitu eta zigortu zituzten. Zergatik ez dira, hortaz, Bush edo Blair ikertuak, akusatuak eta epaituak izan? Geopolitikaren ironiak, mundu gerran bi herrialde hauek ez zirelako garaituak edo okupatuak izan, euren gobernuek ez zutelako errendizioa inoiz sinatu. Horregatik, hain zuzen, legearen gainetik daude. Nazioarteko Justizia -kriminala, kasu honetan- justizia globalaren aspirazioa baino, botere kontua dela demostratuz.
Ez dakit, ez dut ulertzen Europako epaitegien mekanika legala. Irudikatzen dut, baina, eta Eurovision lehiaketa datorkit burura. «Zer etorriko Estrasburgotik?» galdera bera ere «beteko al du Espainiak?» galdera bihurtu da, eta hala, beste bat eta beste bat. Tira, oxala! egiten den ametsa egia bihurtuko balitz.
Erantzuna, baina, haizean dabil, ametsaren ildoan, kezka lepo izanagatik ere, haizea ezin dela atzeman jakiteak ematen duen lasaitasun horri eutsiz. Urrutiko gogo-miran. Eta jakina, umore onean. Errealismoagatik, my friend, errealismoagatik.