Goizeder Taberna | Kazetaria
Zaparrada artean, presoak
Zigorra ari du. Zaparrada bat. Azken asteetan Parisen epaitu dituzten militanteen buruen gainean; urte hasieratik «Parot dok- trina» jarri dieten hiru presoen buruen gainean; joan den asteburuan Jaenetik etxera itzultzean istripua ukan duten senideen buruen gainean. Senide guzien buru gainean. Euskal Herrian.
Martxoa da eta bada besterik zeruan. Mezulariak omen dira ainarak. Astelehenean, mundu osoko hamabi adituren ahotsak entzun dira. Estatu frantziarra eta espainiarra presoen gaian pausoak ematera deitu zituzten. Gai hori gatazkaren konponbiderako bidean kokatu zuten. Giza eskubideen alorrean ezagupen sendoa duten jurista, parlamentari eta apez horiek jadanik frango luzea den sostengu zerrenda batera erantsi dira. Zeru ertzetik ezin kenduzkoa da frankismoaz geroztik ezagutu den kartzela politikarik gogorrena bizi dela Euskal Herrian. Izan ere, bai frantses Estatuan bai eta espainiar Estatuan ere kartzela zigor gero eta luzeagoak aplikatzen dituzte. Bi estatuetan bete behar dituztenentzat zigor amaigabeak.
Joan den astean, martxoaren 20an, Estrasburgoko giza eskubideen gorteak Ines del Rioren kasua aztertu zuen. Horren gibelean «Parot doktrina» edo 197/2006 doktrinaren auzia dago. Gai arantzatsua da 197/2006 doktrinarena, ate hori irekiz gero, besteekin beste horrenbeste egin behar lukeela argi baitu espainiar Estatuak. Orotara, 71 preso ukitzen ditu lege horrek. Ines del Rioren etorkizunaz gain, auzi honek, beraz, preso horien guzien etorkizunaren gainean du eragina eta gibeletik heldu diren beste askorengan. Hogeita lau urte kartzelan pasa duten hiru lapurtar daude, besteak beste, ilara luze horretan.
Erronka juridikoak daude horren gibelean, legearen inguruko erronkak eta, ororen gainetik, erronka politikoak. Tartean, noski, pertsona askoren bizia. Korapilo horiek guziak askatzea izanen da euskal gatazkaren eragileen betebeharra. Datarik gabeko kondenen gaia aipatzeko elkartuko ditu Herrirak, gaur (arratseko 19:00etan), Maritxu Paulus Basurco abokatua, Jean-Pierre Massias Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea, bake prozesuetan aditua, eta Filipe Bidart kartzela frantsesetan 19 urte iragan dituen preso ohia, Baionako IUTen.
Zaparrada artean gaia ulertzeko giltzak eskainiko dituzte. Han egonen diren entzuleek giltzak horiek hartzea eta hedatzea besterik ez dute izanen, pixkanaka, kartzelako ateak irekitzeko.