GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juanan Legorburu | Atleta ohia

Domina, ikurrina, mina

Euskal selekzioaren alde egonagatik Espainiako selekzioarekin lehiatzea ulertzen dut. Profesional izateko modu bakarra da, eta ez dut uste egunerokoan Espainiaren aurrean intsumiso ez garenok erabaki hori hartu duen kirolariari halakorik eskatzen ibili behar dugunik. Nik txalo egin izan diet estadioko harmailatik edo bide bazterretik. Profesional izateko aukera bakarra Espainiako elastikoa janztea izan arren, bakarren batek Espainiari uko egingo balio, biziki txalotuko nioke erabaki hori.

Berriki, Beteranoen Europako Atletismo Txapelketa izan da Donostian. Izenean dago izana: ez dira profesionalak, beteranoak dira. Denetik ikusi dugu: Euskal Herriko elastikoarekin lehiatu nahi izateagatik kanporatu dituzten atletak, Espainiako elastikoarekin lehiatu diren euskal atletak eta Espainiako elastikoarekin lehiatu baina podiumera ikurrinarekin eta Euskal Herriko elastikoarekin igo diren euskal atletak.

Espainiako elastikoarekin lehiatu diren atleten inguruan ezer gutxi dut esateko; aukeretako bat zen.

Espainiako elastikoarekin lehiatu baina podiumera ikurrinarekin igo direnen jarrerarekin ez nator bat. Ezer ez baino hobea dela pentsatuko du bakarren batek, propaganda handiagoa egiten zaiola horrela gure aldarrikapenari bestela baino. Ez dut horretan sinesten, itxurakeria baino ez da. Espainiako elastikoarekin parte hartu eta ikurrinarekin podiumera igo denak aldarrikapena baztertu eta domina hobetsi du, egunkarietako iraupen gutxiko titularra bilatu du. Eroso bizi da horrela, aldarrikapenak ez dio loa galarazten, banitatea ase du, eta ikurrina aterata bakeak egin ditu. Ez du nire txalorik jasoko.

Txaloak ez ezik, nire miresmenik handiena ere Euskal Herriko elastikoarekin parte hartzeagatik kanporatuak izan diren atletei. Eta ondo uler bedi orain esan behar dudana: dominen lehian egon zitezkeen atletei, bereziki. Azken hauen jarrerak indargabetzen baitu goitik behera Espainiaren elastikoarekin parte hartu eta podiumean ikurrina atera duenaren jokabidea. Egun bateko ospearen, titularraren eta abarren gainetik, konpromisoa, bidearen hasiera, aitzindaritza; etorkizunean izan nahi dugunaren ikur. Urre, zilar eta brontzearen gainetik, sentimendua.

Herri honetako erakundeek harrera egiten diete euskal kirolariei nazioarte mailan zerbait lortzen dutenean. Zera eskatuko nieke Gipuzkoakoei: harrera, egitekotan, Euskal Herriko elastikoa eraman dutenei soilik egiteko. Besteek izan dute euren omenaldia, hartu dituzte dominak. Kanporatu eta zigortu dituztenei ohore, izenaren ordez izana hobetsi dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo