Sei mila lagun espero dituzte Urduñan Gazte Danbadari gogoz ekiteko
Sei mila gazte inguru espero dituzte Urduñan bihartik aurrera, Ernai gazte erakundearen ispilu izango den Gazte Danbada jaialdian. Kontzertu eskaintza paregabeaz gain, tailerrak, hitzaldiak eta bestelakoak dituzte prest. Harrera 13.00etan izango da, eta ekitaldi nagusia, larunbatean.
GARA | URDUÑA
Hogeita lau ordu falta dira Gazte Danbada martxan jartzeko, eta Urduñan auzolanean hamarka gazte ari dira azken ukituak ematen, osaturiko egitarau oparoak behar duen muntaketa izugarria prest uzteko. Izan ere, nabarmentzekoak dira aurreikusitako azpiegiturak eta zerbitzuak, kontzertuez gain, hitzaldi, tailer eta abar luzea iragartzen baitu egitarauak. Hala, ekitaldi horiei guztiei aterpe emateko gune zehatzak egokitu dituzte, «ahalik eta eskaintza txukunena, anitzena eta kalitatezkoena» emateko asmoz.
Horregatik, karpak eta agertokiak prest badaude ere, atzo GARAri azaldu ziotenez, barrukoak atontzen ari dira gazteak, hainbat detaile kontuan hartuta. Horren adibide dira, aurreikusi duten osasun zerbitzua. Goizeko 9.00etatik 21.00etara jardungo dira Irauli Gunean, eta gaueko martxari begira, anbulantzien kokatuko dituzte kontzertuak izango diren guneetan.
Horretaz gain, Gazte Danbandaren eremuan, informaziorako txokoa, jantokia, ogitarteko eta edari saltokiak, azoka, elektrizitatea eta erakusketak izango dituzten gune ezberdinak zehaztuta daude dagoeneko web orrialdean ikusgai dagoen egitarauan, hiriaren planoarekin batera (www.gaztedanbada.net). Atzo GARAri baieztatu ziotenez, Renfek (Bilbo-Urduña) zerbitzu bereziak antolatu ditu astebururako, Gazte Danbada ospatzen dela eta.
«Hezteko espazioa»
Ernai gazte antolakundearen jaiotzaren karietara, jaialdi honetako kontzertuen eskaintzak oihartzun berezia izan badu ere, «jaialdi huts izatetik harago, gazte iraultzaile bezala hezteko espazio» bat eraikitzen ari dira Urduñan datozen egunetarako. Helburu horretan, ekitaldi ezberdinen bidez norbanakoen zein herrien arteko elkartasuna landu, Zukgua prozesuaren baitan landutakoa praktikan jarri edota eztabaida eta hausnarketari bide eman nahi diote.
«Egitarauaren parte dira zero zabor, zirku, xamurtasun edo bideo eta irratsaioei buruzko tailerrak», azaldu dutenez, edota gazteen problematika lantzeko saioak eta sorkuntzak eta sortzaileen lanek izango dituzten tarteak.
Nazioarteko 22 ordezkari
Urduñan izango dira nazioarteko gazte erakundeetako 22 ordezkari. Galizia, Gaztela, Aragoi, Asturias, Danimarka, Bretainia, Kurdistan, Norvegia eta Kolonbia dira gonbidatutako batzuk. Bihar, 17.00etan egingo dute nazioarteko ordezkaritzaren aurkezpena, eta Askapenaren ekarpena ere izango da.
Hitzaldien atalean, aipatzekoak dira, besteak beste, Nekane Jurado ekonomia analistak larunbatean, 11.30ean, eskainiko duena, edota ezker abertzalearen mezua jasoko duena, igandean. Egun horretan bertan, Aberri Eguna dela-eta, martxa independentista eta ekitaldi bat izango dituzte.
Sudur gorriek, bestalde, beren atala izango dute Gazte Danbadan. Astelehenean, «Herrikoen eguna» izateaz gain, Irrien Lagunei egokitu zaie goizean zehar Urduña girotzea, Gernika Plazan. Egun horretan, herri bazkaria izango da Astindu Gunean, eta kantaldia, horren ostean.
Bestalde, dei bereziak ere egin ditu Gazte Danbadak, «errespetuz» jokatzeko, bai herria zaintzeko orduan zein herritarrekiko harremanetan, eta jarrera sexista, homofobo edo arrazistak baztertzeko, eta salaketarako telefono bat ere egokitu dute.