GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Kantu onaren bila

Kantua nonbait dago, irudiren batean, hitzen batean, doinuren batean, bihozkada moduko batek adierazten dizu, hor kantu bat egon daitekeela. Nonbait sumatzen duzu, arrasto txikiren batek pizten du zure arreta eta burua bestelako paisaietan barrena hasten da. Noraezean hasieran.

Urrea topatzea bezalakoa da, erreka bazterrean topatutako ale txiki batek adierazten dizu bertan urrea badela, baina topatu beharra dago, zenbat harri-txintxar pasa behar galbahetik? Ez da lan makala urre bilatzailearentzat eta ez dago arrakasta ziurtatzerik, inondik inora.

Horregatik da hain erakargarria kantagintza; kantuak egitearen lana; horregatik gertatzen da hain adiktiboa: ez da matematika, ez dauka logika handirik, ez dago perfekziorik, edozein hizkuntza erabiltzen du eta edonoren esku dago, doakoa baita. Ez da erlijio bat, ez du federik eskatzen eta ez dago inongo paradisurik amaieran. Ez dago subentzionatuta, ezta beharrik ere. Baina denek estimatzen ditugu kantuak.

Edonori bere abenturak kontatzeko prest dagoen osaba amerikanoaren moduan, bere bizitza osoa urre meatze mitikoren baten bila eman eta gero, inoiz ustekabean topatutako urre ale txiki batzuekin konformatu behar izatea da, ordea, kantugile gehienon patua. Eta pozik.

Pozik, saiatu garelako, pozik, bideko gorabehera, bidegurutze eta zalantza guztiek bizirik gaudela gogorarazi digutelako, pozik barruko arra elikatu dugulako trukean ezer gutxi eskatu gabe. Pozik, nahiz eta jakin, sekula ez dugula hasieratik espero genuen kantu «on» hori sortu, edo agian horregatik, badakigulako oraindik badugula bilatzen eta sortzen jarraitzeko aitzakiarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo