Tarta bat jaurtitzeagatik bederatzi urte arteko zigor eskaerak, neurriz eta lekuz kanpokoak
Yolanda Barcinari tarta bat jaurtitzeagatik Fiskaltzak eskatutako zigorrak erabat «neurriz kanpokoak» direla esan zuten atzo lau auzipetuek. Halaxe da, edonondik begiratuta ere; areago, lekuz kanpokoak dira. Izan ere, tarta bat jaurtitzeari atentatua esatea bera lekuz kanpokoa da, gustu txarreko txantxa ematen du. Kartzela zigorra eskatzea inongo proportzionaltasunik gabeko erabakia da, areago Okzitaniako Tolosan egindako ekintza batengatik eta hango Fiskaltzak auzia artxibatu zuela kontuan izanda. Protesta gisa tartak jaurtitzea ez da atzo goizeko ekintza, mundu osoan erabili izan baita eta haren irismena ez baita sekula protestari izaera komikoa eranstetik haragokoa izan. Alegia, inoiz ez du inorentzat ondorio larririk izan, ez protestaren egileentzat ez hartzaileentzat. Batzuek dotoretasunez jaso dute eta beste batzuek purrustaka, kargudun publikoek kritika jasotzeko duten gaitasunaren arabera. Barcinak mendekua nahi duela ez ezik, zerbait gehiago ere erakutsi du: lagun bati tarta bat jaurtitzeagatik bederatzi urteko kartzela zigorra ezartzea begi onez ikusten badu, zer pertsona klase den ere agerian utziko baitu. Eta kezkagarriena da horrelako pertsona Nafarroako Gobernuko burua izatea.