Euskal dramaturgiaren aldeko aldarria Antzerkiaren Nazioarteko Egunean
Xabier Mendigurenen testuan oinarritutako «Publikoari gorroto» antzezlanak irabazi du urteko euskarazko lanik arrakastatsuena saritzen duen Donostia Antzerki Sariaren 13. edizioa. Egileak antzerkigintza propioaren aldeko apustua egin zuen, antzezlanek euskal nortasuna izatea helburu. Era berean, Bilbon Antzerkiaren Eguneko manifestua irakurri zuten, Dario Fok idatzitakoa, non krisiari aurre egiteko mundu osoko komedianteak batzea aldarrikatzen duen.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo eta Euskal Herrian ere ospatu zen. Esaterako, Donostian hiriko Antzerki Saria banatu zuten eta Bilbon bi antzezlan estreinatu zituzten, Dario Fo antzerkigile eta Nobel saridunak mundu osorako idatzitako manifestua irakurri ostean.
Donostia Antzerki Sariak euskaraz egindako urteko antzezlanik arrakastatsuena goraipatu zuen hamahirugarrenez. Aurtengoan, Huts Teatroak aurkeztutako «Publikoari gorroto» obra izan da sariduna. 2012an inoizko daturik oparoenak lortu dira euskal antzerkiari dagokionez Donostian, euskarazko 13 lan aurkeztu baitira eta horiek 6.500 ikusle bildu baitituzte. Horietatik ikusle gehien erakarri dituen obra Xabier Mendigurenek idatzitakoa izan zen.
Egileak berak jaso zuen saria talde osoaren izenean, atzo Victoria Eugenia antzokian egin zen galan. Jarraian, aktoreak taularatu eta emanaldia eskaini zuten. Mendigurenek hitza hartu zuen antzezlan baten atzean idazlea eta aktoreak baino pertsona gehiago daudela gogorarazteko, eta horiei eskerrak eman zizkien. Era berean, aukera aprobetxatu zuen «giltzapean dauden guztiak» oroitzeko.
Galaren aurretik gurekin hitz egin zuen idazleak eta esan zigun Ander Lipus aktoreak 1985ko bere lana taularatzeko proposamena egin zionean ez zekiela nondik jo behar zuen. Orduan, Lipusek moldatu eta antzeztu zuenean indarra zuela ikusi zuen. «Zorionez, ez da nire inpresioa bakarrik izan eta oso harrera ona izan du -aipatu zuen Mendigurenek-, publikoa harrituta gelditzen da aktoreak puztu egiten direlako, eta indar hori transmititu egiten dute».
Protagonista Lipus bera da, eta paper txikiagoak dituzten beste bi aktorek laguntzen dute bera. Publikoarekin haserre dagoen gizon bat erakusten digu lanak, eta antzerkiak gizartean duen eragina aztertzen du.
Zentzu horretan, euskal gizartea aztertuz gero, Mendigurenek uste du euskarak menpekotasun jarrera duela erdarekiko. «Itzulpenak ez zaizkit gaizki iruditzen, baina uste dut geure dramaturgia propioa sortzea beharrezkoa dugula. Antzerkian alde horretatik desoreka dago, azken 30 urteetan euskal antzerkigintzari bultzada bat eman bazaio ere». Kritikatzen duena da kanpoan arrakasta izan duten lanak gurera ekartzean lehenik erdaretara itzultzen direla, eta ondo landu eta gero taularatzen direla. Euskaraz ere ateratzen dira batzuk, eta hori positiboa dela uste du idazleak. Hala eta guztiz ere, euskara bigarren maila batean uzteko joera horrek euskal dramaturgia sortzeko bidean onik ez duela egiten uste du. «Euskal antzerkia nahi badugu, beharrezkoa da guk lantzea, eta hemengo lanekin aritzea. Baliteke gauden autoreak ez izatea izugarri onak, eta horregatik idazle eta antzerki taldeen arteko lankidetza proposatu nahi dut», aldarrikatu zuen.
Komedianteen diaspora
Dario Fo aktore, idazle eta literaturako Nobel saridun italiarrari egokitu zaio aurten ehunka hizkuntzara itzulia izan zen antzerkiaren aldeko manifestua idaztea. Mendigurenek euskal antzerkigileen elkarlana proposatzen duen bezala, Fok munduko antzerkigile guztien indarren batura aldarrikatu zuen, antzerkiaren munduan ere agerikoa den krisiari aurre egiteko. Idatzitakoaren arabera, «konponbide bakarra sorgin-ehiza handi bat antolatzea da» antzerkiaren munduko gazteen kontra. Honela komedianteen diaspora bat sortuko da, bortxaz bada ere, eta honek «antzezpen berri baten aldeko onurak» ekarriko ditu.
Bere esanetan, betidanik agintariek komendianteak kanporatu izan dituzte «gaizkileekin» egiten zuten bezala, keinu batek hitz askok baino gehiago esaten duelako, eta testuak ezabatzeak ez duelako ezertarako balio horiek adierazteko gai direnak badaude. Krisia dela-eta, publikorik ez dago, Foren esanetan, eta horregatik komendianteak indarrez kanporatzeko beharrik ez dago, baina indartuta sentitzen dira berdin-berdin.
Manifestu hau The Funes Troup taldeak irakurri zuen Bilbon, Arriaga antzokian, eguerdian jardunaldiari hasiera emateko. Horrez gain, bi obra estreinatu dituzte egun hauetan. Alde batetik, Der Productions konpainiak Galder Perez eta Lander Otaola protagonista dituen «Vamos a contar mentiras toda la vida» lana aurkeztu zuen atzo Pabiloi 6 aretoan. Perezek antzerki antzezlearen papera egiten du eta Otaola, berriz, agertoki batera inoiz igo ez den telebistako antzezlea da. Antzoki batean egingo dute topo eta komunean dituzten ezaugarriak deskubrituko dituzte: ego handia eta goi mailako ergelkeria.
Gaur, ordea, antzezpen inprobisazioko match bat egingo dute Pabiloi 6 aretoan, iluntzeko zortzietatik aurrera. Jamming konpainiako Paula Galimbertik zuzenduriko egitasmo honetan Eguzki Zubia aktoreak epaile lanak egingo ditu. Bi antzezle talde arituko dira eta zenbait antzezpen proba egin beharko dituzte lehiaketa bitxi honetan. Ikusleek erabaki beharko dute antzezpen tailer batetik hautatutako sei aktoreen artetik nor den onena. «Inprobisazio jai» honetan garrantzitsuena ezustea, espontaneotasuna eta konplizitatea izango dira.
La Plataforma pro Creación de un Centro de Educación Superior de Artes Escénicas para el País Vasco, compuesta por asociaciones de actores, danza y escenotecnia de la CAV, aprovechó la celebración del día Internacional del Teatro para criticar, una vez más, la cancelación de las obras del centro Eszenika, el cual debía ser construido en Bilbo. Lakua presentó la iniciativa en 2010 y debía haber abierto sus puertas a finales de 2012, pero ese día no llegó, y hoy por hoy, las obras quedan suspendidas.
Por ello, la Plataforma quiso hacer públicas una serie de preguntas que se hacen cada día al respecto. De este modo, quieren saber por qué el espacio de Educación Superior en Arte Dramático y Danza sigue sin estar normalizado, así como por qué el proyecto de Eszenkina «está sumido en la mayor de las incertidumbres».
También denunciaron que los jovenes vascos que quieran proyectar su vocación y desarrollo laboral y profesional dentro de las Artes Escénicas tiene que emigrar a otros lugares porque en la CAV no cuentan con un centro adecuado donde poder desarrollar sus actividades. Según la Plataforma, Lakua no destina a la formación de estas areas artistica unas políticas de innovación suficientes que se traduzcan en la creación de un Centro Superior que llevan reclamando desde 2006, y que han ido posponiendo legislatura tras legislatura. GARA