Sarako Idazleen Biltzarra, lau mendez geroztik, euskal literaturaren eta kulturaren erreferentzia
Sara euskal literaturaren erreferentziarik zahar eta garrantzitsuenetakoa da, duela lau mendeko idazlerik ezagun eta emankorrenak bildu baitzituen bere baitan, literatur mugimendu hari bere izena emanik. Gaur egun askoz idazle gehiago daude, literatur talde ugari, unibertsitateetan katedrak... eta erreferentziak ere anitz dira. Literaturaren inguruko topaketaren bat aipatu orduko Durango izena etorriko zaie gehienei burura. Zalantzarik gabe, hura da euskal literaturaren eta oro har kulturaren topaketa nagusia. Sara ez da Durango, baina bai gaur egungo erreferentzia, lau mendez geroztik. Ez berria, ordea, Sarako Idazleen Biltzarrak 30 urtean lan eskerga eta esperientzia handia pilatu baitu. Emaitza, urtez urte, bistan da. Gero eta idazle eta argitaletxe gehiago, gero eta ikusle eta entzule gehiago biltzen da hara, hitzorduak merezi duelako. Atzoko edizioan, Sarako Biltzarrak Jean Haritschelhar, euskalgintzan sobera ezaguna dena, omendu zuen; esate baterako, Euskaltzaindiko lehendakari izan zelako da ezagun, baina badu Sarako topaketarekiko harremanik ere, lehen ediziotik beretik, bertzeak bertze harengana jo baitzuten antolatzaileek. Emendatuz jarraituko ahal du erreferentzia horrek.