GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Leire Saitua Iribar, Xabier Esain Jaso | Auzolan ekimeneko partaideak

Pozhazkundea, pozaren hazkundea

 

Elisabeth Kubler-Ross doktore suitzarrak zioen gertaera traumatiko baten aurrean azaltzen den erreakzio naturalak lau fase dituela: Ukazioa. Amorrua eta ezintasuna. Depresioa. Eta onarpena.

Ukazioa den lehenengo fasean honelako gauzak esaten ditugu: «hau ez da benetan gertatzen ari; ez da posible; gaizki ulertu bat da; amesgaizto bat da dena, esnatzerakoan dena ametsa izan dela konturatuko naiz». «Krisia» deritzogun horren kasuan, honelako esaerak lirateke: «kapitalismoaren krisiak ziklikoak dira», «analisten krisiak hondoa jo duela diote», «aldaketa zantzuak sumatzen dira», «enpleguaren eta industria sektorearen joera suntsitzailea aldatzera doa datorren seihilekoan», «x urtean hasiko gara egoera gainditzen», eta abar.

Bigarren fasean errudunei begira jartzen gara, gure amorru eta ezintasuna haiengana bideratuz. Erreakzio jarrera batean gaudela esan genezake, ekintza jarrera batean baino. Egun bakarreko bost greba orokor horren adibide dira. Agintari ekonomiko-politikoak, gobernuak... kexuen bidez gehiago ala gutxiago estutzen ditugu, krisia sortu eta krisitik irabaziak lortzen ari diren horiek aldatuko ditugula eta egoera konponduko digutela itxaroten ari garen itxura emanez.

Hirugarren fasean, borrokarako indarrak agortuta ditugula, utzikerian erortzen gara, beherantz doan espiralean eroriz, depresioan sartuz.

Eta azkenik, laugarren fasean, bai hondoa jo dugulako edota gertatzen ari zaigunari zentzua aurkitu diogulako, hondoan oinarri hartu eta goranzko espiral baterako bultzada lortzen dugu. Hondoa ukitzearen aukera arriskutsuagoa da, batzuetan aurre egin beharreko egoera benetan zaila suertatzen baita. Aukera aproposena gertatzen ari zaigunari zentzua aurkitzea da, behin eta berriz saiatuz irakurketa zuzen bat lortu arte. Askotan aditu dugu txinatarrek krisia adierazteko erabiltzen duten ideogramak «arriskua», «erronka», aldaketarako «aukera» adierazten duela.

Konponbiderako bide berriak probatu beharko dira, berdina egiten jarraitzen badugu emaitza berdinak izango ditugulako. Nola jakin irakurketa zuzena egiten ari garela? Erditze batean bezala: minak amaitu eta berria den hori jaiotzen delako. Bitartean, sakon arnastu eta animatzen jarraitu behar. Hona hemen bizitzen ari garen krisiari buruzko irakurketa-proposamena. Eman dezagun arazoa denbora luzez desio izan dugun aldaketetarako tranpolina dela dioen hipotesia zuzena dela. Zein da aldaketa hori?

Jendeok, sufrimendu gabe bizi nahi dugu, eta askok jendarte justu, goserik eta miseriarik gabekoa, pertsonen, animalien eta aberastasun naturalen ustiatzetik aske dagoena, tratu txarretatik libre dagoena, hau da, menderatzerik eta zapalketarik gabekoa, desio dugu.

Soldatapeko lana da menderatze-zapalketa sistema mantentzen duen funtsezko zutabeetako bat. Horren jabe izan gabe, Mari Otxandi soziologoak bere «Los nuevos herejes» liburuan dioen moduan, «gehiengoak, debozio eta etsipen nahastura batekin, lan mekanizatu eta errepikakor batenganako lotura onartzen du». «Bere» lanpostua ez duenak, hori irrikatzen du, norbaitek plusbalioa indarrez kentzea «de facto» onartuz, beste biderik ikusi gabe.

Kapitalismo neoliberalak Ipar eta Hegoko jendarteak totalitarismo eta menderatze era berrietara zuzentzen ditu (arroz platerkada baten truk lan egitea). Ibilbide horretan, soldatapeko lana, aurrerapen materialarekiko fede itsuarekin batean, eta garapen teknologikoa nahiz mugagabeko hazkundea, bide horren ardatz izan dira. Petrolioaren gailurrak laino zuria uxatu zuen, eta Deshazkundea edota Trantsizioko Herri/Hiriak mugimenduen jaiotzarako bultzada eman zuen.

Oraintxe, bai ala bai, korrikaldi batean, deshazten ari gara (planetarentzako onuragarria dena), baina hori ez da modu bidezko eta parekatuan gertatzen ari, guztiz aurkakoa baizik: etxea, elikadura eta abar dutenen eta ez dutenen arteko aldea azkarrago areagotzen ari da. Lanposturik ez dutenak, alferrak (eta baita errudun ere) sentitzen dira euren egoeran. Baina aberastasuna norberarengan dagoela ulertu behar dugu, norberaren sormenerako eta lanerako indarrean.

Momentu honetan posible da kontraturik ez izatea, baina sormenak eta lan-indarrak bere horretan diraute. Zer eskaintzen du, beraz, kontratatzen duenak? Helburuak eta antolakuntza. Beraz, hori da behar duguna: helburua argi izatea, eta geure burua antolatzea. Historiako belaunaldirik prestatuena izanda, hori ez da arazo: argi izanez gero zer nahi dugun, lortzeko ahalmena izan badugu. Amaia Perez Orozko ekonomialariak Leitzako Bilgune Feministaren Topaketetan galdetu zuen moduan: Zein da bizitzea merezi duen bizitza?; Nola antolatuko gara hori lortzeko? Azken urteotan askok garatutako lan pertsonalari esker badakigu bakoitzak sentitzen duen asetze maila ez dela bildutako diru edo jabego materialen araberakoa, garatzen doan asetasuna sentitzeko gaitasunaren araberakoa baizik, eta beraz, ez litzateke nahikoa izango guztiok maila materialean «berdinak izatea» bermatzea bilatuko bagenu, pertsonen garapen psiko-afektiboak ere bermatu behar baititugu.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Auzolan ekimenak, beste hainbat ekimenekin batean, gogo oneko pertsona orori poz-hazkundea prozesuan elkartzeko gonbidapena luzatzen diegu, galdera honi erantzuna ematen saiatuko garelarik: «Nola antolatu merezi dugun bezala bizitzeko?» 2013ko apirilaren 13 eta 14an elkartuko gara, arma fabrika izandako Astra-Gernikan, gaur egun autokudeatua den kulturarako jendarte-lantegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo