Erasoek ez dute etenik Iraken, eta martxoa hilabeterik odoltsuena izan da
GARA | BAGDAD
Tikriten, Salahedin probintziako hiriburuan, lehergailuz beteriko kamioi bat zartarazi zuten Gobernuaren hainbat egoitza, tartean Poliziaren kuartel nagusia, biltzen diren esparruan. Bederatzi pertsona hil eta hamaika zauritu ziren. Hildako gehienak poliziak ziren. Atentatuaren egileek leherketa izan baino ordu eta laurden lehenago sartu zuten kamioia. Bertan zeuden poliziek adierazi zutenez, ez zuten susmo txarrik hartu, goizero iristen baitira gas eta petrolio hornikuntza egiteko kamioiak .
«Poliziaren egoitza administratiboaren atzealdean bertan utzi zuten. Leherketak eraikinaren zati bat hondatu du. Nik neuk aurpegian eta sabelean zauriak ditut, kristalen ondorioz», azaldu zuen Mohammed Salih kapitainak. Inbasioaren hamargarren urteurrena betetzen denean, biolentziak ez du etenik izan Iraken. Are gehiago, abuztutik hona, martxoa hilabeterik odoltsuena izan da. Segurtasun arduradunek nahiz medikuek igorritako datuen arabera, 271 hildako eta 906 zauritu egon ziren martxoan erasoak direla eta. Otsailean, hildakoak 220 izan ziren eta zaurituak 571.
Erasoak ugaritu egin dira, eskualdeetako hauteskundeak egitetik hiru aste eskasera. Hamabi probintziatan egingo dituzte hauteskundeak.