GARA > Idatzia > Kultura

Sarako Idazleen Biltzarra heldutasunera heldu da

30 urte bete ditu Pazko egunez Saran antolatu ohi den biltzarrak. Hitzordua jendetsua eta arrakastatsua izan zela iritzi zioten antolatzaileek. Ehundik gora idazleren beste hainbeste lan aurkeztu ziren azokaren karietara eta Bernardo Atxagak emandako konferentzia eta Jean Haritschelhar euskaltzain eta idazleari egin zioten omenaldi hunkigarria izan ziren atzoko edizioaren ardatzak. Jean Michel Garaten eskutik jaso zuen azken honek 2013ko Biltzarraren Saria.

p036_f02.jpg

Jon GARMENDIA | SARA

Biziki zaila izaten da pertsona bat heldutasunera noiz iristen den zehaztea, hau da, gazte izateari noiz uzten dion erratea. Baina 30 urteko marra zeharkatzen duelarik nekez deituko zaio pertsona bati gazte, hala nolako heldutasun bat eskatuko zaiolako aurrerantzean. Antzeko zerbait gertatzen ari zaio Sarako Idazleen Biltzarrari, 30. edizioa bete zuen atzo, eta urterik urte jende gehiago biltzen duela ikusirik, liburu gehiago argitaratzen direla zenbaturik, sendotasun bat hartua duela ulertzen da argiki. Idazle eta sortzaileentzat huts egin ezineko hitzordua da, baita euskaltzale anitzentzat ere.

Jean-Michel Garat Sarako medikua izan zen biltzar honen sortzailea. Angulemako komiki jardunaldietan ideia harturik, Ipar Euskal Herrian euskaraz sortzen den eta erdaraz euskarari edo Euskal Herriari buruz idatzitako edozein argitalpen biltzeko asmoarekin gauzatu zuen ideia. Gainera, Garat ez da euskal hiztuna, eta berak bultzatutako ekimena arrakasta ukaiten ari dela ikusirik biziki pozik ageri zen atzokoan: «Urterik urte indarra hartzen joan da biltzarra, lekuz aldatu behar izan genuen, gero eta idazle gehiago hurbiltzen da Pazko egun honetan, argitalpenak ere gehiago dira, ugaritzen ari da bisitarien kopurua, eta hitzordu garrantzitsua bilakatzen ari da». 130 lan inguru aurkeztu dira aurten, ia 30 elkarte eta argitaletxe bildu ziren Saran, eta euskarazko sorkuntza emendatu da, orekatu da erdaraz sortutakoarekin parekatuz.

Topaketa eta azoka

Maiatz argitaletxeko arduradun den Lucien Etxezaharreta idazlearen hitzetan, «euskarazko sorkuntza emendatu da, orekatu da erdaraz sortutakoarekin, lehen frantsesezko sorkuntzak zirelako oroz gainetik, bestetik pozgarria da 30 urteko iraupen bat izatea biltzarrak, eta hasierako izpiritu hori ez dela aldatu atxemaiten dut, idazleen biltzarra baitzen lehen, eta egun topaketa izaten segitzen du, idazleek elkar ezagutzeko gune, eta heien sorkuntzak naturalki ezagutzera emateko bide». Salmentak izaten diren galdeturik, zuzen aipatu zuen Etxezaharretak: «Uste dut indartzen ari den eremu bat dela hori, ez da beti seinale ona kopuruak handitzea argitalpen arloan, kalitatea ere zaindu behar delako, euskararen dibertsitatea, euskalkiak zaindurik, gaiak... ahulezia ekonomikoak baditugu tartean, guk hala ere ez dugu laguntzarik nahi, nolabait independentzia zerbait ukaiteko».

Elkar argitaletxeko arduradun den Peio Etxeberri-Aintxarten iduriko, «Iparraldeko momentu kultural inportanteena da, urtean zehar liburuak interes komertzialarekin plazaratzen dira, uda aitzin edo Eguberritan, bistan da gero eta garrantzi gehiago duela salmentak hemen ere, baina beste dimentsio bat du biltzar honek, kultur arlokoa. Hona begira euskaraz gero eta gehiago sortzen da, baina hasierako izpiritu hartatik, hau da euskarazko idazlanak plazaratzetik frantsesez eta gazteleraz sortutako ekoizpen anitz ikusten da egun».

Goizez nola arratsaldez idazle anitz ikusi ahal ziren atzokoan. Batzuk topagunea profitatuz, lagun zaharrekin elkartzeko asmoz, eta bestetzuk heien lanak plazaratu eta sinatzeko helburuarekin. Honela, Jean Louis Davant, Txomin Peillen, Henri Duhau, Daniel Landart, Janbattitt Dirassar idazle ezagunek heien sorkuntza berriak eman zituzten ezagutzera. Eusko Ikaskuntzak luzatzen dituen bekak ere banatu ziren, garaian bekak frantsesezko sorkuntzentzat bideratuak ziren kopururik gehienean, atzokoan hamarretik zazpi ziren euskaraz.

Pertsonaia ezagun anitz agertu zen egunaren luze-zabalean, hala nola Joxe Elorrieta ELAko idazkari ohia. «Oso gustura etortzen gara hona, egun polit bat da, beti dago zerbait interesgarria, baita agurtzeko jendea ere» erran zigun. Amets Arzallus bertsolariak «duela sei bat urte Pazko egunean nolabaiteko planaren bila» ezagutu zuen, «Hendaian umetatik futbol txapelketa egiten baita data hauetan, eta azken urteetan saiatzen naiz hona hurbiltzen libururen bat esku artean eramateko edo jendearekin topatzeko». Larraldea baserria kulturgune bilakatu duen Andoni Iturriozek ere «egun honen garrantzia» azpimarratu zuen «orain dela 20 urte ezagutzen dut, eta ez nuen uste halako indarra hartuko zuenik, gero eta gehiago hartzen ari baita». Julen Madariagak ere «bere tipitasunetik, eta xume izaite horretarik, zerbait handia bilakatzen ari da biltzar hau» goretsi zuen. Joseba Tapia musikaria, Ricardo Gonzalez de Durana bertsolaria, François Maitia politikaria... izen eta izan anitzeko pertsonaiak ehunka herritarrekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo