GARA > Idatzia > Kultura

Jean Haritschelhar | 2013ko biltzarraren sariarekin omendua

«Euskarari dagokionean, baikor naiz»

Euskaltzaindiko lehendakari ohia, idazlea... Maiatzean 90 urte beteko ditu Baigorriko gizon handiak, eta bere bizitza luzean euskararen alde eginiko lan anitza eskertzeko, Jean Haritschelharrek jaso zuen atzo Sarako Biltzarraren Saria. Eguerdia zen Jean-Michel Garat Biltzarraren sortzaileak aurtengo omendua aurkeztu zuenean. Sarako Udalaren esker ona ere jaso zuen euskaltzaleak.

p036_f04.jpg

Zer ekartzen dizu pentsamendura sari honen jasotzeak?
Iparraldeko ezagutza. Erran nahi baita, Iparraldeak nahi ukan duela hemen Saran, hain zuzen, euskara bultzatua den tokian, omenaldi bat egitea lan pixka bat egin duen hari. Bizi luzea ukana dut eta saiatu naiz eskura nuen bide guztietarik gure euskarari bultzada ematen. Ez da beti asmatzen, baina neukanik eta onena emana diodala uste dut nire barne gogoak agindutakoari, gure hizkuntzaren aldeko lanetara bildua naizelako ene bizian. Horrek guztiak poza ematen dit, baita ohoratzen ere.

Eskertzak luzatzeko unean, hitza hartu duzularik, euskarari dagokionean baikor zarela errepikatu duzu hainbat aldiz...
Baikor naiz bai, dudarik gabe. Euskara ezagutu ez zituen eremuak hartzen ari da, gero eta gehiago ari da bihurtzen garrantzitsu pertsona gehiagorentzat. Lehen laborarien hizkuntza zen nagusiki, elizan baliatzen zen hizkuntza, hiztegi neurtu bat zeukan, baina orain hezkuntzan, ikerketetan, tresna berrietan, eta anitz eremuetan zabaldua da, hedatua eta segitua gainera. «Jalgi hadi mundura» erraten dugunean, eta adibide gisa Euskaltzaindiaren webgunea hartzen dugularik, hilero 70.000 bisitari dituela ohartuko gara. Horrek erakusten du tresneriaz ere jabetu garela. Garai batean mintzoa zen, gero idatzia, irratia eta telebista heldu ziren, eta orain Internet; guk aitzinamenduan segitzen dugu, eta horregatik naiz baikor. Gauden gu, eta goazen aitzina etorkizunari buruz.

Aitzineratze horren bidean garrantzitsu iduri zaizkizu halako egunak?

Behar dugu ohartu hemen egun egiten ari denaren balioaz. Finkatua den egun garrantzitsua da Pazko eguna euskaldun anitzen gogoan, bai Iparralde huntan, baina baita harago joanik ere, eta idazle eta euskara zaleentzat bere xumean biziki inportanta den gertaera bat da hau. Gero erran nahi nuke euskaldunok baditugula bi azoka garrantzitsu, bata Durangon, eta bertzea Saran, jakina, jende eta arrakasta aldetik konparaezinak direnak, baina bakoitzak bere izaera ukanik, gure kultura guztiari anitz indar ekartzen diote.          J.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo