GARA > Idatzia > Kultura

Nerabeak

Joxemari Carrere | Ipuin kontalaria

Emanaldia amaitu, eta gaztetxo bat gerturatzen zait eskua luzatu eta zorionak ematera. Horrekin batera galdera botatzen dit: «Zu komikoa zara, ezta?». Eta nik: «Ez, ipuin kontalaria naiz». Berak, atzera: «Bai, baina apur bat komikoa bazara». Zalantzan gelditu nintzen komikoa antzerkilariren sinonimotzat erabili ote duen, edo barreak sorrarazten duen pertsona adierazteko. Edozein modutan, poztu nintzen hamalau urte zituen gaztetxo hura gustura gelditzeagatik ipuin saio batekin.

Nerabeak haurtzaroa utzi eta helduaroko ikasbidean dauden pertsonak dira. Zalantzak, estropezuak, kezkak, deskubrimenduak, betetzen dituzte euren bizitzak. Ikasbide zaila eta instrukziorik gabea. Eta euren aurrean ipuinak kontatuko dizkien pertsona agertzen bada, logikoa da mesfidati jartzea, haurren gisa tratatuko dituztela sumatuko baitute. Ipuinak haurren gauza baitira, «txikiena».

Baina ipuinak helduentzat ere badira, gogorarazten dugu, aldarrikatzen dugu. Gaztetxo hauek, ordea, ez dira oraindik helduak. Bidegurutzean aurkitzen dira, ez haur, ez heldu; bizitze mugan; ulertuak ez izanaren kontzientzian naufrago. Zer dela-eta, orduan, «ipuintxoekin» etorri? Kontalariarentzat erronka ederra da izatearen muga horretan istorioak kontatzea; gaztetxo oldartuen aurrean kontakizunen argudioarekin, bizitzaren mugarri horretan aritzeko tresnak eskaintzea. Ipuina ez da haur edo helduentzako denbora-pasa, bizitza ulertzeko, bizitzan lagungarri izateko tresna liluragarria baizik. Eta nerabeekin ipuinak kontatzea dialektika horretan aritzea da. Orduan komikoa izan zaitezke agian; baina bizitza bera ez ote da askotan komikoegia?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo