Zenbakien atzeko drama gero eta handiagoa
Langabezia tasak markak hausten jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Joan berri den hilean espero izatekoa zen enpleguak sortzea, Aste Santuan hala gertatu ohi da-eta, baina martxoko datuek ia 1.300 langabe gehiagoren berri eman dute. Denetara, 235.000tik gora, eta horietatik 100.000 inguruk ez dute inongo prestaziorik jasotzen. Zenbakion atzean egoera ezin larriagoa dago, egunez egun benetako drama bizi duten milaka lagun, egoera horren bukaera sumatu ere egiten ez dutenak.
Administrazioek, bai Madrilgoak bai autonomikoek, krisiaren bilakaeraren menpe utzi dute langabeziaren arazoa, krisiaren adierazle nagusietakoa ez balitz bezala. Areago, ustez ekonomia suspertzeko eta langabezia tasa murrizteko ezarritako neurri eta lan erreformei eusten diete, helburu horiek lortzeko kaltegarriak direla ikusita ere. Langile publikoen lanaldia emendatzea, esate baterako, herstura-politikaren erakusgarri argia da, enplegua sortu beharrean, dagoena deuseztatu egiten baitu eta, gainera, zerbitzu publikoak kaskartzen baititu. Hori, ordea, ez da administrazioen kezka, ez defizita kontrolatzeko helburuaren aldean. Horren guztiaren ondorioak bistan dira: pobrezia gero eta herritar gehiagorengana zabaldua, zerbitzu publikoak gero eta eskasagoak, langileen eskubideak hutsaren hurrengoa... baina egoera larriari «denon artean» aurre egin behar zaiola diote.