GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

«Deserotzen» garenean

Mundua erotu bada, zeharo joanak gaude denok. Azken asteetan zaila egiten zait lerro hauek gai bakar bat ukituta betetzea. Izan ere, egunkariak, albistegiak mamitsu datoz. Mami gaziak eta mami ez hain gaziak, hori bai, baina mardul-mardul gabiltza komunikabideak, oro har.

Ez naiz zinez futbolzalea, baina aitortu beharra daukat azken aldian begiak telebistari itsatsita ikusten ditudala Realaren partidak. Nonbait irabazten dugunaren sentsazioa ematen dit, garaipenaren sentsazio birtual bat. Irabazi dugu! Nekez errepika genezake esaldi berbera beste edozein esparrutan.

«Irabaziko dugu!», esango luke Txutxi Ariznabarretak Aberri Egunen bateko hitzaldiren batean. Baina oraindik garaipena noiz iritsiko den zehaztea geratzen zaio. Ene... Helduko ote da?

Ekonomiari begiratuz gero, suizidioa dator. Murrizketak, langabezia, alderdi politikoetako ustelkeria, bankuak, hipotekak. Ene... Noiz arte horiek ere? Lortuko dugula esaten dute Madrilen, Europan, Lakuan. Baina lortu zer? Egoera gainditzea? Edo egoerak gu gainditzea? Gainditu ez bagaitu dagoeneko, noski.

Aseptiko izan nahi dut. Aseptiko izendatu nahi dut neure burua. Bere ingurua baino harago doan ezerk kezkatzen ez dienena bezalakoa bilakatu nahi dut. Buruhausterik handienak Realaren erizaintzako arazoak izan daitezela, edo Mourinhoren ateraldi berri bat. Munduan gertatzen dena oharkabean pasa dadila, nire belarrietara ez iristeko eta begien aurretik frame bakar batean pasatzeko, ez konturatzeko moduko abailan.

Shakira eta Piqueren haurraz, Benzema eta Marseillesaren eztabaidaz, Gandia Shore-z edo halako zerbaiti buruz idazteko tentazioa izan dut, buruari gehiegi eragin gabe, absurdoaren bueltan igerian egiteko. Pentsatu izan dut, bai, baina... Azken batean, ezinezkoa zait aseptikotasunean bizitzea, oraindik gauza gehiegi geratzen baitzaizkigu lortzeko, helmuga ugari iristeko, kilometro asko egiteko, pauso asko emateko edo nahi duzuen moduan esan, baina aurrera egiteko. Helduko gara, helduko gara noizbait norabait, mundua «deserotzen» dugunean edo ero bizitzen ikasten dugunean. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo