GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Psikodrama eta errealitatea

Durbanera abiatu aurretik sinatu berria zuten Xik eta Putinek Moskun antzerkiarekin zerikusirik ez duen zerbait: Errusian egindako hogeita lau Su- 35 hegazkin eta lau itsaspeko Txinari saltzeko kontratua

Azkenean, psikodramaren hipotesia nagusitzen ari dela ematen du: Aste Santu honetan Koreako penintsularen inguruan sortu den zalaparta guztia Ipar Koreako errejimenaren antzezpen moduko bat izango litzateke, bere isolamendu larregiari aurre egiteko, eta lidergoaren prakak betetzeko heldutasun eskasian egon daitekeen Kim Jong-un gazteari laineza pittin bat eskaintzeko, etxe barnean bederen.

Ez nago ni horren ziur. Ez behintzat psikodrama hutsa delakoan. Ezta ere eszenategi nagusia Korea delakoan.

Argi dago pasadizo guztian badela antzezpen puska bat, bai. Baina ez da alde bakarrekoa. Ipar Korearen adierazpen guduzaleak erretorikoak direla nagusiki begien bistakoa da: Koreako penintsulako mugimendu militarrak begi zorrotzenez zaindu eta ezer berezirik antzeman ez duten potentzia nagusien bistakoa... eta berehalako gerrak ez direla desfile eta paradak eginez prestatzen behintzat badakigunon begi motelen bistakoa. Nondik sortu da, beraz, Mendebaldean zabaldu den zalaparta ikusgarria? Bada... ipar korear telebistako emanaldiak hala-moduz itzuli eta interpretatzetik, gehienbat, esango nuke. Ba ote du horrek zerikusirik Hego Korean ere agintean estreinatu berria den Park anderearen tasun politikoekin? Baietz esango nuke. Mugaz alde bateko zein besteko agintariei Koreako penintsulan tentsioa areagotzea interesatzen zaie une honetan, kontrajarriak eta, aldi berean, osagarriak diren arrazoiak medio. Neurri batean. Psikodramatik dramara jauzia dagoelako.

Kim Jong-un eta Park Geun-hye ez dira, ordea, antzerki-lan honetako pertsonaia nagusiak ere. Pertsonaia hauetako bat, Japonia, isil-isilik egon da emanaldi osoan. Beste bat, Obamaren bigarren administrazio sorberria, irmotasun adierazpenak egiten aritu da... baina bigarren eta hirugarren mailako bozeramaileen ahotik betiere. Eta hirugarrena?

Hegoafrikako Durbanen bildu diren BRICSen gailurrera begiratu behar zen hirugarren(ar)en berri edukitzeko. Eta han ez da tutik ere entzun Koreako penintsulaz, ez Xi Jinpingen ahotik ez Putinenetik. Aurreikusitako agendari eutsi diote batak eta besteak, inolako asaldura berezirik gabe. Antzerkia besterik ez dela dena uste dutelako, beharbada?

Ezetz esango nuke, berriro ere. Durbanera abiatu aurretik sinatu berria zuten Xik eta Putinek Moskun antzerkiarekin zerikusirik ez duen zerbait: Errusian egindako hogeita lau Su-35 hegazkin eta lau itsaspeko Txinari saltzeko kontratua. Albiste potoloa, eta ez xahutuko den dirutza galantagatik. Hogei bat urte zeramatzan Txinak hegazkin horien atzetik (sobietar arma diseinuaren azken boladako izarrak izaki), eta beste horrenbeste Errusiak ezezkoan... besteak beste, badakitelako txinatarren eskuetara iritsi bezain azkar hegazkin horiek «umeak egingo» dituztela, ingeniaritza inbertsoari esker. Haien aurrekariak diren Su-27ekin gertatu zen bezalaxe. Azkenean, ordea, baietz esan du Putinek, eta aire eta itsas gudurako prestatzeko beste urrats bat -zenbatgarrena?- eman du Txinak.

Koreako penintsulan gerta daitekeenarekin zerikusi zuzena du, baina ez da psikodrama, ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo