Mirari Bereziartua Arotzena Azpeitia
Azpeitiko Corrugados nazionalizatu
Beraz, herriaren aginduz, politikoak martxan ipintzea legoke beste batzuek zer egin erabakiko duten zain geratu gabe
Gallardok bere nazioaren alde egiten duen bezala, guk geurearen alde egiteko ordua da. Subiranotasuna geuk erabakiz egingo dugulako. Independentzia ez da bitarteko bat. Giza eskubidea da. Estatua bai, bada bitarteko bat eta estrategikoa gainera gure herriak izaten jarraitzeko. Geure garapen iraunkorra bermatzeko.
Norbaitek emateko zain egon behar al dugu? Gure aldetik egiten ari gara hainbat proiektu aspaldidanik. Gizarte zibilak ondo demostratu du behin eta berriz gure egitura politikoa indar militarrez kendu arren, «bagenu» bezala funtzionatzeak balio izan digula, kontzientzia erne eta gogoari tinko eutsiz eta hirugarren milurteraino etorri gara bizirik!
Izan zirelako gara gu gaur, eta erabaki egitura politikoa bagenu bezala aritzen jakin dugu, izaten jarraitzea nahi dugulako, estatua berreskuratu eta ondorengoak libreago eta eraginkorrago arituko dira herriaren garapenean.
Nafarroa Garaiko Mendaza herrian 1200 urteko hiru oineko artea bezala. Artea izatea ez zuen berak erabaki. Jaso zituen ezaugarrien arabera bereizten da beste guztiengandik eta artea izenaz ezagutzen da eta bizirik dirau, ondo sustraituta, etengabe elikatuz kimu berriak ematen. Euskaldunok bezalaxe. Aurrekoengandik jaso dugunaren arabera gara garena, eta izaten jarraitzeko, erabaki eskubidea daukagu, giltzaperatuta bagaituzte ere. Beraz, nahi badugu bakarrik egingo dugu aurrera, garena ondo sustraituz, egunerokotasuna biziberrituz eta etengabe kimu berritzeko geure erabakiz elikatuz. Izan, bagara. Geure estatua berreskuratzea ez dakigu noiz lortuko dugun. Nola bai. Geuk eginez. Egiten dugunaren emaitza izango delako. Ez zaigu, ibilbidearen bukaeran euriarekin batera eroriko. Egin, egin behar dugu eta modu inteligentean gainera.
Daukagun egoeratik erabaki, egiturak asmatu eta egitean daukagu giltzarria. Gizarte zibila antolatzen joan da konkista ondoren geure herriak izaten jarraitzeko: Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, geure eskolak diren ikastolak, geure alderdi abertzaleak, geure gobernua, geure sindikatu abertzaleak, industria sare indartsua, ekonomia sozialaren eredu den kooperatiba sarea, hedabide pro- pioen enpresa egiturak, euskalgintzaren sare zabala juridikoki egituratua, kirol egitura propioak.... Ehun urtetan sare indartsua egituratzen joan gara. Beraz, entrenamendua badugu oraingo krisiari ere geuretik irtenbide propioak asmatzen hasteko, beste inori itxoin gabe.
Zergatik ez ausartu Corrugados nazionalizatzen? Nafar ikuskera ipintzen badiogu gure historiari, herri honen bereizgarri bat izan da, eta da, egitura politikoak herriaren zerbitzura egitea. Mendeetan egin dugu, herritarrak ipini eta herriak kendu. Ez alderantziz inguruko kulturaren historian azaltzen diren bezala. Beraz, herriaren aginduz, politikoak martxan ipintzea legoke, beste batzuek zer egin erabakiko duten zain gelditu gabe. Gainera, beste estatuen erabakien zentzua beraien etxea eraikitzeko dela argi dagoenean eta ez gurea.
Geure estatuaren alde egonik, eta ez inork oparituta baizik geuk eginez bakarrik gauzatuko dugunez, une egokia da krisiari ere irtenbide berriak geuretik ematea bilatzen hasteko.
Ondo legoke, errealak diren arazoez etengabe aritu beharrean, aldaketa egin eta soluzio berriei begira gure indarrak inbertitzea, subiranotasuna geure soluzioak bilatuz egingo dugulako.