Independentistek Aberri Egunaren arrakasta eta aniztasuna nabarmendu ditu
«Jendetsua, arrakastatsua eta ederra». Hiru hitzetan definitu zuen Independentistak Sareak pasa den igandeko ospakizuna, eta gizartea zoriondu zuen «Euskal Herriaren eguna, eta ez alderdiena» bilakatu zelako.
GARA | IRUÑEA
Independentistak Sareak oso positiboki baloratu zuen pasa den igandean Iruñean ospaturiko Aberri Eguna, ekimen «jendetsua, arrakastatsua eta ederra» lortu zela ziurtatuz. Sareak zitaren aniztasuna nabarmendu nahi izan zuen, Iruñekoa «Euskal Herriaren eguna, eta ez alderdiena» izan zela nabarmenduz. Independentistentzat, Nafarroako hiriburuan argi geratu zen munduaren aurrean «hemen herri bat dagoela, nazio bat dagoela, eta bere askatasuna exijitzen duela».
Aurtengo Aberri Egunaren testuingurua ere ezberdina izan da, beste urteekin alderatuta. «Baldintza gogor eta kezkagarrietan gertatu da aurtengo eguna. Nabarmena da espainiar eta frantziar estatuen itxikeriaren zama, gure herriaren egunaren bezperan gertatutako Xabier Lopez Peñaren heriotzak adierazi digunez», deitoratu zuen Independentistak Sareak. Zentzu horretan, «gertakizun dramatiko honek argitzen digu menpekotasunak izugarrizko ondorio latzak dakartzala arlo guztietan», gaineratu zuen sare soberanistak, harago joaz. Lopez Peñaren heriotzak «hausnarketarako» balio beharko lukeela ere nabarmendu zuten, «herri gisa aurrean dugun egoera aztertu eta estatu propioaren bidea oraindik indar gehiagoz hartzeko».
Sareak azaldu zuenez, aurtengo Aberri Egunean ideia zehatz bat azpimarratu nahi izan dute: independentzia eguneroko arazoen konponbiderako oinarria dela. Eta Independentisten ustetan «herritarrek oso ondo ulertu dute gure mezua, eta independentzia krisialdiari aurre egiteko tresnekin eta gure etorkizuna eraikitzeko behar ditugun eskuduntzekin lotu dute».
«Iruñeko kaleak bete zituen jendetzak argi erakutsi zuen egoera ekonomiko eta sozial larriaren aurrean gero eta gehiago garela garbi ikusten dugunok hondamenera eraman gaituztenek ez gaituztela zulotik aterako», baloratu zuten. «Hondamenera lotzen gaituen katea apurtu -gaineratu zuen Independentistak- eta geuk eraiki beharko dugula gure etorkizuna. Eta, horretarako, geure estatu propioa behar dugula, egoerari buelta emateko tresnak eskaintzen dizkigun alternatiba bakarra delako».
Alde horretatik, aurtengo Aberri Egunaren edizioa mezu hori finkatzeko «mugarri» izan dela uste du Independentistak. Haien ustetan, «independentzia jada ez da soilik abertzaleen eskaera, haratago doa», egoera hori hurrengo urteetan areagotuko dela ziurtatuz. «independentzia etorkizuneko alternatibarik onena delako».
Abertzale ez diren independentisten kopurua gorantz doala nabarmendu zuen Sareak, krisialdiari eta honek eraginiko murrizketei aurre egiteko alternatiba bakarra independentzia dela uste dutelako.