Lord baten arabera, MI6 da Lumumba heroi afrikarraren heriotzaren erantzule
Patrice Lumumba, Kongoko Errepublika Demokratikoko lehen ministroa eta independentziaren heroia, MI6 espioitza agentzia britainiarrak bahitu eta hil zuela ezagutzera eman du «The Guardian» egunkariak. Lumumba 1960an atxilotu, torturatu eta hil zuten.
GARA | LONDON
Patrice Lumumba, Kongoko Errepublika Demokratikoko independentziaren heroia, 1961eko urtarrilaren 17an atxilotu, torturatu eta hil egin zuten bere bi ministrorekin batera.
1960ko ekainaren 30ean, Balduino I.a errege belgikarrak kolonizazioaren amaiera iragarri zuen Nazioaren Jauregian, Leopoldvillen -egungo Kinshasan-. Hilabete lehenago, maiatzean, egin ziren hauteskundeetan irabazle argirik egon ez zenez, bi talde politiko nagusietako buruak, Joseph Kasavubu eta Lumumba, Errepublikako buru eta lehen ministro izendatu zituzten, hurrenez hurren.
Baina, Belgikak Katanga eskualdeko independentzia sostengatu zuen, zonalderik aberatsena baitzen.
Orain Lord Leak ezagutzera eman duenez, MI6 espiotza agentzia britainiarrak Lumumba hil egin zuen, Sobietar Batasunarekin zuen harremanaz beldur zirelako. Lumumbak Nazio Batuen laguntza eskatu zuen, baina Katangaren banaketaren alde egin zuen. Orduan, Sobietar Batasunera jo zuen. Kasavubuk, ordea, kargutik bota zuen. Testuinguru nahasi horretan, Joseph-Desire Mobutuk, Armadako ofizial gazteak, estatu-kolpea eman zuen CIAren laguntzarekin. Lumumbak ihes egitea lortu zuen arren, hilabeteetara atxilotu eta base militar batera eraman zuten. 2002an, Belgikak barkamena eskatu zuen Lumumbaren hilketa ekiditen huts egin zuelako. 2006an, CIAren barne agiri batzuek baieztatu zuten agentzia estatubatuarrak Lumumba hiltzeko planak zituela.
Lord Leak «London Review of Books» aldizkarian adierazi duenez, Daphne Park MI6 agentziako espioiak «hilketa beraiek antolatu» zutela jakinarazi zion 2010eko martxoan, hil baino hilabete batzuk lehenago.
Daphne Park Britainia Handiko kontsula eta lehen idazkaria izan zen Kongon 1959tik 1961ra, «praktikan, MI6ren burua. Hil baino lehen, MI6ak Lumumbaren heriotzarekin zerikusia izan zuen teoria aipatu nion eta berak baieztatu zidan. Komunista izan zitekeelakoan hil zutela esan zidan».