Iparraldea Bertan! zikloaren hamabigarren edizioa abian dago Koldo Mitxelena Kulturunean
Gaurtik hasita, eta hilabete osoan, Ipar Euskal Herriko kultur sorkuntza hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du Iparraldea Bertan! zikloak. Ekitaldi guztiak KM Kulturunean izango dira, asteazkenetan, 19.30ean.
GARA | DONOSTIA
Jokin Iruingaray, Mirentxu Lazkano eta Paxkal Irigoyenek osatutako Holako hirukoteak gaur eskainiko duen kantaldiak zabalduko du Iparraldea Bertan! zikloaren hamabigarren edizioa.
Apirileko asteazkenetan garatuko dira Donostiako Kulturunean Euskal Herri kontinentaleko kultura eta sorkuntza hobeto ezagutzea helburu duen zikloa osatzen duten ekitaldiak.
Aurten bi berezitasunekin datoz Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatzen dituzten jardunaldi hauek. Lehen aldiz film bat proiektatuko da, Oskar Alegriaren «Emak Bakia baita», eta lehen aldiz ere hiru artista gipuzkoar entzungo ditugu Iparraldeari buruz mintzatzen. Baina urtero bezala, kantuari toki garrantzitsua emango zaio.
Mahai-inguruak
Holako hirukotea bada gaurko protagonista, zikloaren bigarren asteazkenean, apirilaren 10ean, Iparraldeari buruzko mahai-ingurua egingo da Franck Dolosor ETBko kazetariaren gidaritzapean. Maialen Lujanbio bertsolariak, Xabier Mendiguren Elizegi idazleak eta Mikel Markez musikariak Iparraldearen inguruan duten ikuspegia partekatuko dute. Ezagutzen al dute Iparraldea? Ba ote dago mugarik bertsolaritzan, literaturan eta musikagintzan? Nolako lotura dute Iparraldearekin?
Apirilaren 17an, berriz, musika izango da protagonista, beste behin, Nadine Elgoyhen, Lucien Joa, Isabelle Jaury eta Kattalin Indaburu kantariekin, Filipe Alborren gitarraren laguntzaz.
Zuberotar hauek dagoeneko sorkuntza handietan parte hartutakoak dira. Hala, Lucien Joa «Basterretxe» pastoraleko protagonista izan zen, eta Nadine Elgoyhen «Monzon» pastoralean aritutakoa da. Isabelle Jauryk eta Kattalin Indaburuk berriz, Pierpol Berzaitzek idatzitako «Amaiur» ikuskizunean egin zuten lan.
Zinema
Iparraldea Bertan! honi amaiera emateko Oskar Alegria zinemagile nafarraren «Emak Bakia baita» filma ikusi ahal izango da apirilaren 24an.
Nazioarteko zinemaldietan kritika arrakasta lortu duen pelikula honek Man Ray-k 1926an Biarritzetik gertu filmatutako «Emak Bakia» pieza abangoardistan agertzen den etxearen bilaketa du ardatz.
Oraindik filma ikusi ez dutenek beste aukera bat izango dute Koldo Mitxelena Kulturunean. Filma ikusteko beste aukera bat izango du Bilboko ikusleriak apirilaren 19an, ostirala, Gutun Zuria jaialdiaren barruan.
Lehen aldiz film bat emango dute zikloan, Oskar Alegriaren «Emak Bakia baita», eta lehen aldiz ere hiru artista gipuzkoar entzungo ditugu Iparraldeaz mintzatzen.
Non: Koldo Mitxelena Kulturunea; Donostia.
Noiz: Apirilaren 3an, 10ean, 17an eta 24an.
Antolatzailea: Euskal Kultur Erakundea eta Koldo Mitxelena Kulturunea.
Sarrera: Doakoa.