Pello ZABALA | Eguraldian aditua
Ari gara egiten
Zer egiten?», galdetuko du batek. Zerik ez, baizik-eta, hartara egiten ari garela. Joan den igandetik, askotxori behinik behin, kosta egiten baitzaigu, kosta, ordu berri honetara koadratzen.
- Noiz piztu behar du egunak?- galdetzen du batek, laino puxka bat dagola-eta...
- Gaur noiz dator ba, eguzki jauna?- besteak, euri xarrasta ari duenean...
- Baina, nola nahi duk eguzkia alboan, goizeko seiak badira?...
Kostatzen zaigu, bi ordu sartu dizkigutela engainutan ohartzea, eta horrek dakartzan uste okerrak berdintzea.
- Txoro samar nabilek- dio batek, goizero zazpi botika pastilla hartzen dituenak...
- Jakina, botika guztiak ordubete lehenago tragatzen ari haiz eta...
- Logura gutxixeago ote daukadan, hala nagok..
- Zer nahi duk ba, ohera ordubete arinago hoa-eta...
Goizeko zazpiak laurden gutxiagoan jotzen du gure komentuan, jaikitzera deitzen digun 10 minutuko musika saioak. Nekez jabetzen gara, bostak laurden gutxitan jaikitzen garela. Zazpiak laurden gutxitan, ez genuke argirik piztu beharrik; bostak laurden gutxitan, beste hilabetean gutxienez ere, artean bai.
Aziendak ez ditu engainatzen ordu aldaketa honek. Ordubete lehenago jaten ematearekin ez dira kexatzen, normalean. Jezteko ordua ondo hartua daukatenak, horiek bai: molesto antzean azaltzen badakite; eta noski, esne gutxixeago ematen dute gehienek. Ordu beharrik ez dutenak, birigarroa, zozoa eta beste kantari kuadrilla...
Bestea, nekez engainatuko duena, erreka-lainoa da. Horrek bere goiz ordua du: goizeko seietatik zortzi-bederatziak bitartekoa ohi da normalean. Bi ordu aurreratuta gabiltzanez, jaiki eta lanera batzuk goizean joan direnean, erlojuan seiak diren arren, laurak izaki, eta erreka-lainorik gabe, edo xare-xarean joan dira. Sendo samarra denean, hori dena eguzkiak kentzerako, eguerdia iristear edo, batzuetan, iritsita ere bai. Horrela suerta ohi da, udaberri azken aldera eta uda bidean jada, «Goizetik ez, eta atsaldetik primerako eguraldia egiten dik». Hala erantzun ohi diet: Baita goizetik ere, erlojua hiru ordu atzeratuaz gero... Aproba zak bihar bertan hasita...!!
Izotza
Tenperaturak munduan