GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarren Postontziaren balorazio positiboa egin du Donostiako Udalak

Herritarrak Donostiako Udalarekin harremanetan jartzeko martxan jarri zen Herritarren Postontziaren balorazio oso positiboa egin zuen atzo Parte Hartze zinegotzi Axier Jakak.

p015_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Herritarren kexa eta iradokizunak jasotzeko martxan jarri den Herritarren Postontziaren balorazio positiboa egin zuen atzo Donostiako Udaleko Parte Hartze zinegotzi Axier Jakak.

«Herritarrentzat hau da Udalarengana zuzentzeko bide orokorra eta modu honetan herritarren komunikazioak zuzenean iristen dira Udalera. Donostiako Udalarekin harremanetan jarri nahi duten herritarrek bide hau erabili behar dute, hau delako erakundearen eta herritarren arteko harreman zuzena bermatzeko modu bakarra», adierazi zuen Jakak.

Parte Hartze zinegotziak gehitu zuenez, «bi arrazoi ditugu Herritarren Postontzia bultzatzeko: batetik, herritarrek beren eskubide subjektiboa bermatzeko modua da, hau da, herri administrazioaren arreta jasotzeko eskubidea. Bestetik, herritarrek beren kexak eta iradokizunak bidaltzea Donostiako Udalaren zerbitzua eta lana hobetzeko modua da». Horregatik, herritar guztiak animatu zituen Herritarren Postontzia erabiltzen jarraitzera.

Jakaren arabera, zerbitzu hau erabiltzea oso erraza da. Hiru modu daude. Internet bidez, http://www.donostia.org/info/sugerencias.nsf/fwSugerencia?ReadForm&idioma=eus helbidera jo, eta pauso gutxi batzuk beteta jar daiteke herritarra Udalarekin harremanetan; telefonoz, 010 zenbakira deituta; edo aurrez aurre, norbera Udalaren bulegoetara joanda.

Zenbakiei begiratuta, 2012. urteari dagozkion datu nagusiak hauek dira: herritarren 9.464 komunikazio jaso ditu Udalak. Horietatik, 4.151 informazio orokorrari dagozkionak dira, 1.790 kexak eta 1.260 iradokizunak. Gainerakoak «bestelakoak» bezala sailkatu dituzte (esker onak, jakinarazpenak...).

Donostiarrei Udalarekin harremanean jartzeko eskaintzen dizkieten bideei dagokionean, Internet da erabiliena, 7.006 komunikaziorekin (egindako guztien %74). Telefonoz 1.766 egin ziren, eta bulegoetan 688.

Herritarrek gehien komunikatzen dituzten gaiak hiri azpiegiturei eta Udaltzaingoari dagozkienak dira. Datu guztiak, ohiko moduan, laster jarriko dira Donostiako Udalaren webgunean herritar guztiek eskura izan ditzaten. Oro har, Jakak adierazi zuenez, komunikazio kopurua iazko antzeko zenbakietan mantendu bada ere, kexa kopurua %30-40 jaitsi da. «Ez da datu ona edo txarra. Guk herritarrek euren kexak helaraztea nahi dugu, beraz, kexak jaistea ez da berez ona», esan zuen. Honekin batera, Herritarren Postontzia oso zerbitzu erabilia dela nabarmendu zuen zinegotziak.

Eguzkitakoak eskatzeko epea

Bestalde, Donostiako Udalak jakitera eman zuenez, iazko udako denboraldian esleitu gabe gelditu diren hondartzeko eguzkitakoak banatzeko prozesu berri bati ekin diote. Toldoak eskatzeko epea hilaren 19an amaitzen da. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.donostia.org webgunean sartu, Udalinfora jo edo 943 48 16 32/31 telefonora deitu.

9.464 komunikazio

Donostiako herritarrek Udalarekin harremanetan jartzeko 9.464 komunikazio egin zituzten 2012. urtean. Horietatik, 4.541 informazio orokorrekoak izan ziren, 1.790 kexak eta 1.260 iradokizunak.

internet nagusi

Donostiako Udalarekin harremanetan jartzeko tresna nagusia Internet da herritarrentzat. Iaz, 7.006 komunikazio egin ziren sarea erabiliz, guztien %74. Telefonoz, berriz, 1.766 egin ziren eta bulegoetara joanda 688.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo