Felipe ARAMENDI | Bil Gaiten-eko kide eta hautetsi abertzalea
«Udal bozetan ezker abertzalea bateratuta aurkeztea nahi dugu»
Felipe Aramendi abokatua da, eta 2008an hartu zuen hautetsi kargua Urruñan. Bertako Herritarrak talde abertzalearekin aurkeztu zen, eta 2011ko uztailaren 8an, Bil Gaitenen izenean, Ipar Euskal Herriko hautetsi abertzaleek abertzale mugimendua berrosatzeko eginiko deian parte hartu zuen. 2014ko udal hauteskundeak prestatzeko Bil Gaiteneko talde eragilean ari da, eta Abertzaleen Batasunako kidea da.
Ainize BUTRON |
2014. urteko udal hauteskundeetan ezker abertzaleak egitasmo bateratu bat aurkeztu dezan, Bil Gaiten/EH Bai desmartxa abiatu da Ipar Euskal Herrian. Desmartxa horren harira, hitzordu nagusi bat finkatu diete ezker abertzaleko militante guztiei, bihar Baionan izango diren jardunaldien bidez. Felipe Aramendi talde eragileko kidea da, eta Bil Gaitenen ekimena EH Bai mugimenduaren barnean kokatzen dela nabarmentzen du.
Bil Gaiten izena 2011ko uztailean agertu zen lehen aldiko. Bertan, hautetsi abertzaleek dei egin zuten urratsak egitera abertzale mugimendua berrosatzeko bidean.
Ikusiz Hego Euskal Herrian gauzak aitzinatzen ari zirela eta ezker abertzalea berregituratzen ari zela, dei hori egin genuenok Ipar Euskal Herrian ere bide berdinetik abiatu behar ginela pentsatu genuen. Dei hori hauteskundeak prestatzeko egin genuen, baina egiazko proiektu politiko eta gizarte proiektu bat lantzeko ere bai, hauteskundeak momentu batzuk baizik ez baitira. Garai horretan ezker abertzaleko alderdi guztiekin bildu ginen, eta dei horri lotu dira alderdi politikoak ere.
Zein da Bil Gaitenen eta EH Bairen arteko lotura?
Bilera horien ondotik, alderdiak desmartxa horretan sartu dira ere. «Desmartxa» hitza baliatzen dut, prozesu horrekin izan baita desmartxa baten sorrera. Gutxika-gutxika, gauzak aurreratuz joan dira. Eta hauteskundeak prestatzeko egina zen EH Bai koordinaketarekin zer egiten zen galdera pausatzeko momentua iritsi da. EH Bai mugimendu bezala osatuz, bi egituren artean gauzak argitzeko beharra sentitu da ere. Bil Gaiten EH Bai mugimendu horretan lan talde bat bilakatu da misio berezi batekin: 2014ko herriko hauteskundeak prestatu. Gutxika, Bil Gaiten izena desagertu egingo da.
Udal hauteskundeetan ezker abertzalea oso barreiatua aurkeztu da leku askotan. Hautemangarriagoak izan nahi duzue 2014an?
Herriko bozak aipatzen direnez, ezker abertzalea bateratuta aurkeztea da helburua. Ez dakigu herri guztietan lortuko dugun. Izan ere, leku askotan izan dira gatazkak eta arazoak, eta batzuetan, oso egoera minberatsuak ere izan dira. Baina, agian, herriko hauteskundeetan ezker abertzaleak hainbat zerrendatan barreiatuak ez ikustea lortuko dugu.
Aitzin proiektu politikoa landua duzue jadanik, eta hainbat herritan aurkeztua duzue.
2014ko herri hauteskundeei begira, herri gehienetan ezker abertzaleko zerrenda bat izatea nahi dugu. Ezker abertzaleak behar dio gizarte proiektu bat aurkeztu jendarteari, eta gizarte proiektu hori, nire ustez, era berdinean aurkeztu behar da herri guztietan. Eta horretarako da aitzin proiektu hori. Hein horretan, gizartea, ekonomia eta ekologia hasieratik finkatu ditugun hiru balio nagusiak dira, eta horien inguruan egin ditugu proposamenak. Horrekin batera, hautagai guztiek izenpetu beharko duten engaiamendu karta bat lantzen ari gara. Dokumentu horrek gauzak argituko ditu, eta aliantzak ere mugatuko ditu.
2014ko martxoan izango dira udal bozak, eta jadanik jardunaldiak antolatu dituzue...
Hasieratik, desmartxaren erditsutan hitzordu garrantzitsu bat finkatu nahi genuen. Ezker abertzalea bildu, eta gure artean eztabaidatu nahi dugu jardunaldi horietan. Ondotik, kanpaina herri bakoitzean egingo da. Guk ez dugu deus inposatuko, baina, koherentzia bat nahi badugu, halako elkarretaratzeak beharrezkoak dira. Bigarren ekitaldi bat izango da irail bukaeran edo urrian, proiektu politiko definitiboa onartzeko. Proiektu politiko hori herrietan baliatzen ahalko dute.
Lehen aldia da, ezker abertzaleak hain zabalki prestatzen dituena hauteskundeak. Momentu historiko bat dela erran daiteke?
Agian momentu historiko batean gara. Hori da helburua. Beste fase batean sartzen gara. Eta fase hori biziki garrantzitsua da. Urte batzuen buruan, agian, ezker abertzale bakarra eta alderdi bakarra izango da. Gaur egun, orain arte izan ditugun zatiketak gainditu behar ditugu. Hori izan da Bil Gaitenen hasierako helburua.
EH Bai hirugarren indar politikoa da. Zein da zuen helburua udal hauteskundeei begira?
Herri guztietan ordezkatuak izatea. Nahi dugu pisua izan, eta zerbait egin nahi badute gurekin kontatu beharko dutela ohartarazi.
Udal hauteskundeetan gehiengoa lortzen ez bada, zaila da pisua izatea.
Orain ez gara, herri mailan, sistema demokratiko batean. Irabazten duen zerrendak postuen erdia du, eta sistema proportzionala aplikatuz are hautetsi gehiago ditu. Urruñan, esate baterako, botoen %27 lortu genuen 2008an, eta hogeita bi hautetsi gara denera, baina gu zazpi gara bakarrik. Sistema aldatzeko lege bat izango da, baina ez dakigu zer-nolakoa izango den.
«Ezker abertzaleak behar dio gizarte proiektu bat aurkeztu jendarteari, eta proiektu hori era berean aurkeztu behar da herri guztietan»