GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Olagarroa etxerako

Olagarroa animalia laguntzat onartzea ez da Gabonetako iragarkietan bakarrik gertatzen. Nik neuk sarritan egiten dut. Hala ere, batzuetan olagarroa krokodiloa ez ote den errezeloa hartzen dut etxera orduko. Horrelakotsu errezeloa sortu zait hemengo gatazka armatuaren izaera politikoa argudiatzea delitua izan litekeela entzunda... izaera horren aldeko argudiorik gehienak eman dituztenen ahotik.

Azken hamarkadetan hainbat politikari, intelektual eta hedabide espainiarrek aspertzeraino esan izan digute indarkeriarik zitalena politikoa dela. ETAz ari ziren. Horretara zuritu izan dituzte urterik urte ezartzen joan diren salbuespen neurriak, hala nola kartzeletakoak eta horien ondorioz izandako hainbat «ezbehar», edo eskubide politikoak ukatu izana. Indarkeria politikoa txarrena zela zioten, demokrazia espainiarraren aurkakoa omen delako. Erregimen politiko baten aurkakoa, beraz.

Oraindik orain Fiskaltzak Patxi Zabaletaren kontrako ikerketa abiatu du, ETAko presoak eta GALeko mertzenarioak konparatzerik ez dagoela esateagatik. Baina Zabaletak baino askoz ere lehenagotik olagarroaren lagunek esaten ziguten txitean-pitean hori bera, ETAk hiltzen jarraitu eta GAL desagertua omen zen eta. Kontua da ETA ez dela desegin, baina GAL ere ez. Desberdintasunak beste hauek dira: ETAk bere jardun armatua uzteko erabakia hartu eta jakinarazi egin zuen; GALek, ez. ETAko eta ETAkoak ez diren milaka militante eta erakunde horrekin zerikusirik ez zuten milaka lagunek milaka urte eman dituzte giltzapean. GALekoak ia erabateko zigorgabetasunaren jabe izan dira. Hala eta guztiz ere, onartzen dut olagarroa etxerako, edo krokodiloa, benetan zaila baita ez ohartzea ETAko militanteen konbentzimendua ez dela GALekoen parekoa, azken hauena jasotako poltsaren tamainaren araberakoa baita (bide batez, GALen izaera terrorista ukatzea ez al da terrorismoa goratzea edo biktimak umiliatzea auzitegi batek esanda ere?).

Hainbat urtetan esan izan digute, PPtik EAJraino, ETA politikoki garaituta zegoela. Eta halako batean konturatu dira erakunde kriminal arrunt bat ez zegoela zertan politikoki garaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo