GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Estatuen krisialdiaren beste aurpegia

Errepresioa eta errepresioaren krudelkeriak ez ziren erantzunak, estatu zapaltzaileen jarduera eta joera iraunkorrak baizik

Gero eta berri mingarriagoak ezagutzen ari gara Xabier Lopez Peñaren heriotzaren inguruan. Eta zirrara gogor bat nagusitzen da, dakigu- naren arabera: oso krudelki tratatu dute bera, eta oso krudelki tratatu dituzte bere senideak. Afera ez da zeukan gaixotasuna ez dela behar bezala hartu. Harago doa kontua. Afera da bizitza eta sufrimenduaren aurreko mespretxua, hau da, estatu krudelkeria. Krudelkeria hau gorrotoaz, mendekuaz eta finean, itxikeriaz lotuta dago. Espainiar eta frantziar estatuko kudeatzaileek gorrotatzen dituzte euskal militanteak eta ez dute gorroto honen aurreko mugarik nahi.

Gorrotoa eta mespretxua ez dira hor mugatzen, ikusi dugunez. Espainiar komunikabide eta politikari gehienek argi erakutsi digute zer-nolako zabor-bakezaletasun esparruan dauden kokatuta. Pertsonen eskubideak gora eta behera, krudelkeriaren apologia egin digute, berriz ere. Gure herritik atera gabe, EAJko hainbat eledunen jarrera oso argigarria izan da, halaber. Belauniko bizi denak ez du erraz jasaten burua altxatzen duenaren irmotasuna.

Norbaitek pentsa zezakeen ETAren jarduera armatuaren bukaerak bestelako jarrerak ekarriko zituela espainiar eta frantziar agintariengan. Dagoeneko zalantza guziak joan egin dira, alta. Errepresioa eta errepresioaren krudelkeriak ez ziren erantzunak, estatu zapaltzaileen jarduera eta joera iraunkorrak baizik.

Erantzun armaturik eman ala ez, inposaketan oinarritzen da espainiar eta frantziar estatuekin dugun harremana. Eta inposizioaren atzean beti dago indarra. Inperioak, handiak ala ttikiak, krudelkeriaz lotuta daude sortzen diren unetik, krudelkeria bera zapalkuntzaren tresna baita. Inperioa, maila batean, krudelkeria «zilegiaren» esparrua da.

Oraingoan, espainiar Estatuaren burbuila guziak lehertzen ari diren une honetan, ekonomikoki hondatzen ari den bitartean, ustelkeriaren orbanaren agerpen publikoa erret etxera iristen delarik, estatu arrazoiaren gako izan den Navarra foral eta española gainbehera doalarik, krudelkeriak indar berria hartu du. Frantses Estatuak bere Europa mailako protagonismoa kolokan ikusten duen heinean, lurralde egitura berritzeko ausardiarik ez duen honetan, bestelako irudirik eskaini nahiko balu ere, espainol Estatuarekin batera, krudelkeriaren ikurra altxatzen du. Badirudi adierazi nahi digutela beraiek ere espainiarra bezain zikin, itxi eta krudel izan daitezkeela.

Bien bitartean, gatazkari aurre egiteko aukerak baztertzen dituzte. Krudelkeria, beraz, urratsik ez egiteko formula bilakatzen da. Probokazioaren bidez arreta desbideratu nahi dute, noiz eta espainiar eta frantziar estatuak «Parot doktrina» deitutako astakeria horren inguruko erabakiaren zain dauden une honetan.

Preso politikoak preso politikotzat jotzea berriz ere kriminalizatu nahi dute. Mezu gogor eta iraingarriak zabaltzen dituzte. Mehatxuak ugaltzen dira. Esanguratsua da egoera honetan errepresioa eta mezu mailako gogorkeria erantzun bakarrak izatea: orain artekoa etengabean errepikatzea da haien helburua. Gure erronka, berriz, halakoak berriz gerta ez daitezen lortzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo