GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Fiskalak abokatu papera betetzen duen estatua

Estatu espainoleko hedabide guztiek nabarmendu zuten berria: Juan Carlos Borboikoaren alaba Cristina ustezko ustelkeria kasu batengatik auzipetu dute. Hain zuzen, Iñaki Urdangarin bere senarra auzipetuta dagoen auzi berean. Ezohikoa izanagatik, osasun demokratikoaren sintoma izan zitekeena, ordea, laster bihurtu da Estatu espainolaren egiturazko gaitzaren isla. Izan ere, auzipetzearen berri eman zen egun berean, errege-etxeak epailearen erabakiaren kontra oharra igorri zuen, estatuburu baten ordezkariek bete beharko luketen errespetu jarrerari muzin eginez. Eta beste edozein estatutan eskandalagarria izango litzatekeena, normaltasunez hartu dute politikari espainol gehienek, borboitarrek duten botere faktikoa berriz ere agerian utziz. Eta hori gutxi ez-eta, teorian delitu zantzuak ikertu eta salatu beharko lituzkeen fiskalak, defentsaren abokatu papera jokatzea erabaki du, epaileari auzipetzea bertan behera uzteko eskatuz. Horrach fiskalak dio erregearen alaba auzipetzea bere kontrako diskriminazioa litzatekeela, argudio erabat surrealista.

Estatu espainolean diktadore batek izendatu zuen estatuburuak ez du inolako ardura legalik; Estatu espainolean, ardura legalik ez duen erregearen alaba auzipetuz gero, fiskala bere alde aterako da; Estatu espainolean demokrazia esaten diote demokrazia ez denari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo