Legorretan bezala, Lezon ere eraso egin diote atez atekoaren tresneriari
Duela egun batzuk, Legorretan, atez ateko bilketarako ontziak apurtu eta hondakinak herrian zabaldu zituzten; eta ostegunean, aldiz, Lezon gertatu zen bilketa sistema berriko tresnen aurkako erasoa. Sortuk jakinarazi zuenez, Ertzaintzak ez zituen erasotzaileak identifikatu nahi izan.
GARA |
Pasa den ostegunean, atez ateko bilketa egiteko tresneria saboteatu zuten Lezon. Marian Beitialarrangoitia Sortuko bozeramaileak eman zituen azalpenen arabera, zaborrak jasotzeko zintzilikarioak kendu zituzten, hondakinak biltzeko atez ateko sistemak astebetean izan duen bigarren erasoaldian.
Ertzaintzaren jokabidea ere kritikatu zuen Beitialarrangoitiak, «zintzilikatzekoak kendu zituzten lagunak identifikatzeari uko egin ziolako». Hala ere, EAJri leporatu zion gertaera. Esan zuenez, «EAJko inkontrolatu taldea» izan zen sabotajearen egilea, eta jokabide horren atzean helburu argi bat ikusten du Sortuk. Alderdi abertzaleak esan zuenez, EAJ «gatazka» bilatzen ari da, eta gero eta urduriago dago, atez ateko sistema aurrera egiten ari delako, udalbatzetan hartutako erabakien zilegitasunean oinarrituta.
Birziklapen tasa handiagoak sustatzea helburu izan beharrean, jelkideek errauste plantan dituzten «interes ekonomikoak eta politikoak» lehenesten dituztela esan zuen Beitialarrangoitiak. Gaineratu zuenez, jelkideek badakite «ziurtasun osoz» errausteko planta ez dela ez «ekonomikoki bideragarria» ez «etorkizuneko apustu bat», eta «gizartearen arteko gatazka» itxura eman nahi diote hondakinei buruzko eztabaidari. Horren aurrean, Sortuk EAJri dei egin zion hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidari ekiteko, birziklatze handiagoa lortzeko.
Lezon ezarri berria den sistemari eginiko erasoa egun gutxiren buruan izaniko bigarrena da. Asteartean bertan, halako erasoa salatu zuten Legorretan, Itsasondo eta Zaldibiarekin batera atez ateko bilketa abian jarri berri zuelarik. Ontziak apurtu eta hondakinak zabaldu zituzten baratzetan eta Oria ibaian.
Sortuk «EAJko inkontrolatuei» leporatzen die Lezoko erasoa. Salatu duenez, jelkideak «gatazka» elikatzen ari dira, beren «interes politiko eta ekonomikoak» defendatze hutsagatik.