Errenteriaren eta Zintzilik-en historiak film batean uztartuta
«27 urte ez dira ezer! Herri baten historia Zintzilik Irratitik», irratiaren beraren historia ez ezik, Errenteriako borroka sozial eta politikoaren zati txiki bat jasotzen duen larogei minutuko dokumentala ere bada. 1970eko hamarkadako herri batzarretatik gaur eguneraino herrian gertatutakoa, Zintzilik Irratiaren mikrofonoen ikuspegitik kontatua.
Alvaro HILARIO | ERRENTERIA
Zintzilik Irratia Euskal Herrian diren irrati komunitarioen artean beteranoenetako bat dugu. Izan ere, hogeita hamar urte beteko dira aurten Errementeriako instalazioetatik emititzen hasi zirenetik.
Duela bost urte, irratiak mende laurdena bete zuela ospatzeko asmoz, bere historia azaltzeko dokumental bat egiteko proposamena ere luzatu zuten batzar batean: hori dugu, beraz, «27 zazpi urte ez dira ezer! Herri baten historia Zintzilik Irratitik» (80`) dokumentalaren abiapuntua, Zintziliken hastapenetara nahiz Errenteriako herri borrokaren hiru hamarkadako ibilbidera gerturatuko gaituen filma.
Autogestioa
Filma egiterakoan, asko ziren historiari heltzeko ikuspuntuak. Gizarte mugimenduetako jendeak sortutako irratia izanik, Zintziliken batzarrak erabaki zuen herriaren eta irratiaren beraren historiak uztartzea.
Lau urteko prozesu luze eta oparo honetan, bere historia propioa kontatzeko ardura taldeak berak hartu izana nabarmentzekoa da, zalantzarik ez. Zeregin horretan ibilia dugun Xabi Garatek azaldu dizkigu zergatiak: «Bada, hain zuzen ere, irratia kudeatzeko dugun manera berbera, irratian lan egiteko betidanik izan dugun modua: autogestioa. Guk geuk egiten dugun lan oro. Badira gure artean ogibide askotakoak, lan eremu ezberdinetan dauden lagunak, eta hala, beharrezko egiten zaizkigun kontuak geure eskuz gauzatzen saiatzen gara beti».
Zintzilik kolektiboarentzat, beraz, beste zeregin bat baino ez zen dokumentala: «Hiru izan gara, batez ere, filma egiten ibili garenok. Kamerak eta abarrekoak erabiltzen zekien bat bazegoen, bideoklipak ere inoiz egin izan dituena, baina beste biok, borondatea ipiniz eta egin ahala ikasiz, aurrera ateratzea ere lortu dugu. Ideia hori duzu, autogestioa, gauzak gure kabuz egiteko kapazak izatea», argitu du Garatek.
Sare soziala
Euskal Herriko irrati libreen artean beteranoenetako bat da Zintzilik, 80ko hamarkadatik emititzen jarraitzen duten bakarrenetako bat, eta garai haietatik okupatuta duten leku batetik, Errementeriatik, egiten dute. Gauzak horrela, ulertezina da irratia biltzen duen herriko sare sozialetik kanpo: «Irratiak eta herriko garapenak bide paraleloetatik doazelakoan gaude. Nondik sortu ginen ere ezin dugu ahaztu: irratia egiten duen jendeak gizarte mugimenduetan jarduten du edota aritutakoa da; irratiak betidanik nahi izan du gizarte taldeei zein talde politikoei ahotsa eman, mikrofonoa laga. Aktibitate gutxiko momentuak bizi izan ditugu, bai irratian, bai herri mailan. 2000. urtetik hona, gure ustez, are eta nabariagoa izan da jendeak herriko kontuetan duen inplikazio maila txikia», esan du Garatek.
Bi izan dira, orain arte, filma ikusteko Errenterian izandako aukerak: Zintzilik irratian, bata, eta LUPA zinemaldian, bestea. Oreretako Asanbladak ere badu dokumentalean bere tokian. Errenteriak gerorako eredua iraganean ote daukan galdetu diogu Xabier Garateri: «Ez naiz erabateko baiezkoa ematen ausartuko. Herri historiaren zati bat gal ez dadila nahi izan dugu. Lau urte eman ditugu filma egiteko; hau da, azken urteotan gauzak nola aldatu izan diren ikusteko astirik izan dugu. Oreretako Asanbladari begiratuz -betiere, dauden aldeak kontuan izanik- suminduen batzarrekiko antzekotasunak ikusi ditugu, esaterako. Gauzak aldatzeko tresna horrek, lan egiteko modu horrek, kalea hartzearenak, bizirik irautea nabarmentzeko kontua da».
Oarsoaldean ez ezik, Zintzilik Irratia entzutea posiblea da sarean duten www.zintzilik.net webguneari esker.