GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Hutsik txikiena ere garesti ordainduko dute

p042_f03_88x132.jpg

J.L.

Urrezko Aizkorako bigarren kanporaketak jokatuko dira gaur eta bihar, Zerainen eta Bilbon, Santutxu auzoan. Gipuzkoan gaur izango da ekinaldia 19.00etatik aurrera, eta Bizkaian bihar izango da, 12.00etan.

Pasa den astean Bilbon bezalaxe, hamabi aizkolari izango dira gaur Zerainen, eta bi onenek lortuko dute hurrengo kanporaketako txartela. Proba azkarrak izango dira, eta aizkolariak enbor bat moztera arituko dira, amaieran bi geratu arte, eta haiek izango dute aurrera egiteko modu bakarra.

Dorronsoro, Zaldua, Urteaga, Agirre, Esnaola, Beltza, Goñi, Resano, Kañamares III.a, Pellejero, Vazquez eta Jauregi neurtuko dira. Urteagarentzat bigarren ekinaldia da, bera baita lehen jardunaldian aritu zen aizkolari bakarra, han lortu baitzuen hemen aritzeko txartela.

Gainerakoen artean izen garrantzitsu batzuk badaude, tartean baitira Resano, Kañamares, Jauregi edo Pellejero. Beraiek izan daitezke faborito nagusiak, baina lan labur hauetan edozer gerta daiteke, edozein deskuidu nahikoa baita kanpoan geratzeko. Honelako lanetan presaka aritzen dira askotan, eta horrek berak ekartzen du kaltea. Enborren arabera ere egon daiteke amaiera.

Bihar ere aizkolari mordo bat izango da lanean Santutxu auzoan, kasu honetan zortzi lehiatuko dira. Rodriguez I.a, Rodriguez II.a, Eneko Saralegi, Kintana, Llanos, Mugertza III.a, Iker Vicente eta Eneko Otaño lehiatuko dira. Hemen ere aizkolariak elkarren aurka neurtuko dira enbor bat mozten, eta horrela joango dira elkar kanporatzen, bi geratu arte, eta horiek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela, hori izango baita asteburu honetan aizkolariek izango duten saria.

Izen garrantzitsu asko daude hemen, eta denen gainetik Mugertza III.a agertzen da. Rodrigueztarrak ere hemen dira eta haiek kontuan hartu beharko dira, eta baita Alkizalete II.a ere. Dena dela lan laburra da, eta edozeinek irabaz dezake, eta honelakoetan izaten dira ustekaberik handienak ere.

Hemen, bi dira pasa den astetik datozenak, Alkizalete II.a eta Eneko Otaño. Lehenengoa pasa den astean sailkatu egin zen, eta bigarrena, berriz, hirugarren geratu zen, baina bihar izan behar zuen Irazabalek ezin du parte hartu, min duelako, eta bere ordez arituko da Beizamako aizkolaria. Bi egun hauetan arituko diren aizkolaririk gehienak gazteak dira, eta hori bera ere berri pozgarria da, zaleak gazteak ikusteko gogoz baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo