GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakako Txapelketa

Orain arte egindako guztiak ez du ezertarako balioko

Donapaleuko trinketean jokatuko dira bihar, 17.00etatik aurrera, final laurdenetako bi norgehiagoka. Irabazten dutenak finalerdietan sartuko dira.

p042_f01_148x112.jpg

Jon LEUNDA

Orain ez dago hutsik egiterik. Hemendik aurrera galtzen duenak bertan behera utzi beharko du Berezkoen Binakako Txapelketa. Donapaleuko trinketean jokatuko dira bihar 17.00etatik aurrera final-laurdenetako bi kanporaketak.

Lehen partidan, Etxeberri eta Etxeto Laurent Lanberten eta Bonebeltxeren aurka neurtuko dira. Bi bikoteak baldintza ezberdinetan datoz. Lehenengoak, A multzoan aritu dira, eta partida bakarra irabazi dute, eta bera Waltariri eta Harizmendiri irabazi zioten. Multzo honetan inor ez zen kanpoan geratzen, eta horrek eman die aurrera egiteko aukera. Norgehiagoka bakarra irabazita etortzeak bere kaltea izan dezake, baina bihar beraiek dira garaipena lortzeko faborito nagusiak.

Berez, Etxeberrik eta Etxetok oso bikote ona osatu dute. Aurrelaria min handia egiten duen horietakoa da. Beso luzeak ditu, eta leku askotara heltzen da, baina buruz galtzen da. Aurretik jartzen denean oso erraz egiten du pilotan, baina atzetik jartzen bada, galdu egiten da. Gibelean Etxeto handia izango du. Atzelaririk handienetakoa izan da, baina adinez aurrera joan da, eta azken urte hauetan ere lesio ugari izan ditu. Hala ere, atzean berak agindu behar du, eta berak jarri behar du norgehiagokaren erritmoa. Beste aldean, Lanbert eta Bonebeltxe daude. Hauek helburua bete dute, izan ere, B multzoan bigarren geratu dira, horko azken biak kanpoan geratzen baitziren. Helburua final-laurdenetan sartzea zen, eta lortu dute. Orain ezustea ematea izango da asmoa.

Bigarren norgehiagokan, Waltari eta Harizmendi arituko dira. Txapelketa hau irabazteko faborito nagusiak ziren lehiaketa hau abiatu zenean, baina orain zalantza asko daude. Lehen fasean jokatu dituzten norgehiagoka guztiak galdu egin dituzte, eta oso itxura txarra eman dute, gainera, denetan.

Aurrean bikote oso arriskutsua izango dute, gainera, Bielle eta Ezkurra izango dituzte-eta. Hauek lehen fasean jokatu dituzten partida guztiak irabazi egin dituzte, eta itxura oso ona eman dute orain arte.

Hemendik aurrera, ordea, lehiaketa berri bat hasten da, orain arte egindakoak ez baitu ezertarako balio, eta egunean bertan egin behar da aurrera egin nahi baldin bada.

Buruz Buruko finalaren ostean, lehen aldiz neurtuko dira Waltari eta Ezkurra, eta horrek berak ere ikusmin handia piztu du, bi pilotari hauen arteko partidak beti izaten baitira ikusgarriak. Biharkoak, ordea, ez du bakarka jokatutako final harekin inongo zerikusirik izango, dena ezberdina izango da.

faboritoak

Waltari eta Etxeto ziren Binakakoa irabazteko faborito nagusiak, baina orain arteko partida guztiak galdu egin dituzte. Bihar, zerbait egiteko azken aukera izan dezakete.

errebantxa

Waltarik eta Ezkurrak jokatu zuten Buruz Buruko finala, eta ordutik lehen aldiz neurtuko dira. Oraingoan, ordea, gauzak ezberdinak izango dira, ez baitira bakarrik arituko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo