Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Familiaren parte (eta III)
Hala ere, ez zait iruditzen kolonialismoa erabat bazterturik dagoela Ondaajteren «Running in the Family» lanean. Are gehiago, zeharka bada ere erregimen kolonialak Sri Lankan izan zuen eragina ezagutu gabe ez dagoela bere memoria liburua erabat ulertzerik. Izan ere, bere familiaren bitxikeriak kolonoaren ajeen adibide dira: zuri estatusari eusteko ahaleginak, metropolia gogora dakarten jai eta ospakizun estrabagante eta dekadenteen bidez; ohiturekiko gehiegizko mira; lurraldeko azken izaki zibilizatuak diren sentimenduak bultzatuta mundutik, hots, Sri Lankako gainerako biztanleetatik urrun mantentzeko nahia eta premia; alkoholismoa.
Egia da Ondaajtek berak ez dituela lotura hauek bere kabuz egiten; aitzitik, bere familiako kideak deskribatu egiten dizkigu gugan (eta berarengan ere) abegikortasun izpi bat eragin nahian. Zentzu horretan, Harald Welzerrek bere ikerketa lanen bidez azaldutakoan erori egiten da idazlea. Welzerrek erregimen nazian parte hartu zutenen seme-alaba eta ilobei egindako elkarrizketetan zera aurkitu zuen, jazarleen ondorengoek beren senideen jarduerak «edertzeko» joera izaten zutela inkontzienteki, zaila egiten baitzitzaien onartzea beraientzat hain onak izan ziren guraso edota aiton-amonak halako munstrokeriak egiteko gai izan zirenik, guraso zein aiton-amona haiek beren erruduntasuna onartu bazuten ere.
Welzerren aburuz, memoria soziala pertsonen artean gertatzen da, baina ez haien barruan. Alegia, batek bere ondorengoei konta diezaieke zer egin duen bere bizitzan, baina ondorengoek narrazio hori nola interpretatu eta barneratuko duten, beste kontu bat da.