kronika | donostiako udal langileei omenaldia
Malkoz eta harro jaso dute zapalduen senideek aitortza
Txistulari bandak irekitako pasillotik goititu zituzten senideek eskailerak. Denek batera, tropelean, batzar aretora sartzeko irrikaz. Donostiako udal talde osoaren omenaldia jaso behar zuten. Alkateak erran bezala, «hiriaren benetako aitortza keinua». Berandu iritsi zena agian, baina bihotz-bihotzez.
Maider IANTZI
Aranzadik Donostiako Udalaren eskariz osatu duen errepresaliatutako langileei buruzko ikerketa aurkeztu zuen. Zientzia elkartearen izenean, Iñaki Egañak hartu zuen hitza, eta azken egunetan Urbasan eta Etxaguenen hezurrak lurpetik atera dituztela oroitu zuen. Bietan aurkitu dituzte «itxaropenerako, etorkizunerako arkatzak». Historialariak erran zuenez, horiekin marrazten dituzte bizitza galduak, munduaren koloreak, aniztasuna eta borroka, hil zituzten lagunei utzi ez zietena egiten dute.
«Iraganeko, oraingo eta etorkizuneko arkatza ekarri dugu, baina udal funtzionario errepresaliatuen eguna da gaur. Goazen euren gunea marraztera, orain arte ezkutuan egon dena». LABek emandako aldeko lehen pausoa gogoratu zuen, burdinazko zubian, 2007an, zazpi gorpu aurkitu zituztenekoa, eta duela gutxi Fernando Sasiain garaiko alkateari egindako omenaldia. Udal langileek jasandako jazarpena aztertuz egin duten lanaren ondorio batzuk eman zituen jarraian. 1.623 langileri neurri latzak jarri zizkietela dakite: espedienteak, espetxe zigorrak, baita heriotza ere.
Halako datuak jasotzen dituen txostena udaletxean bertan utzi zuten, eta arkatz berarekin idazten jarraituko dutela hitz eman zuen Egañak.
Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak, Marina Bidasorok, aretoa betetzen zuten senideei zuzenduz, hala azpimarratu zuen: «Eskubideak dituzue: egia, justizia eta erreparazioa».
Haizea Muñozek bi abesti kantatu zituen. 1813ko abuztuaren 31ko sarraskiari buruzkoa, Manuel Sagasti eta Bixente Etxegarairena, eta Ramon Artola eta Raimundo Sarriegiren «Ilunabarra». Ahots sarkorrarekin emozioak azaleratzen zituen. Ama batek haur txikia zuen besoetan eta omendutako amatxi batek irribarrez begiratzen zion aulkitik, inguruko guztien begiradak erakartzen zituen mutikoak.
Alkatearen hitzaldia ere hunkigarria izan zen. Udalak funtzionario hauekin zor handi bat duela agertu zuen, eta kitatzen hasi bakarrik egin direla, «egiteko lan gehiago dagoelako». Adibidez, orain dela 75 urte irekitako espedienteak baliogabetzea.
Nekane Burutaran Giza Baliabideetako zinegotziak eta garai hartan Loiolako auzo-alkatea zenaren bilobak hala kontatu zuen historia: «Irailaren 13an sartu ziren tropak. Salaketak izan ziren, espetxeratzeak... Eta urriaren 1erako hilda zegoen aitona, arropa eramateko ere denborarik gabe».
Txalo artean, zapaldutako langileen izenak erratearekin batera, senideak oholtzara igotzen joan ziren banan-banan, diploma jasotzeko: Maria Dolores Agirre Aizpurua, Francisco Agirreolea Abasolo, Alejandro Alberdi Lizareta, Ramon Aldaondo Sarasola... Gizon batek Errepublikako bandera astindu zuen eta amatxi batek negar eta negar egin zuen plaka jasotzera ateratzean, eskuekin aurpegia estaltzen zuen eta bere senide guztiei ere malkoak ateratzen zitzaizkien. Negarra bai baina irribarrea ere bazuten familiek, harrotasuna, lasaitasuna. Areto honen atzealdean plaka bat jarriko dutela jakinarazi zuten eta oroigarri hori ikusten lehenak izan ziren atzo senideak. Oihala kentzera zihoazela begirada guztiak hara zuzentzen ziren, etorkizunaren itxaropenez, bi mutikok ohorezko kontrapasa eskaintzen zutela, Isidro Ansorenak konposatua, espedientatua hau ere. Zahar eta gazteak hunkituta ageri ziren.
Bukatzeko, ahots dardartiz baina tinkoz, ahul antzera baina azkenean indartsu, euskara sustatzen lan egin zuen Maria Dolores Agirreren alabaren testigantza. Eskerrik beroenak eman eta donostiarrak beti aurrera atera direla aldarrikatu zuen. Iragana ezagutzea historia aitortzea dela ere agertu zuen, eta amaren ekarpena goraipatu zuen, lan egiten zuen akademia isilarazi zutenean nola ematen zituen klaseak etxean. «Gaur hiri euskalduna daukagu. Milesker!» erran, eta guztiok bertan bakean bizitzea desiratu zuen.