Ipar Euskal Herriko kristauek ere lagunduko dute bakea lortzen
GARA |
Atxik Berrituz Iparraldeko Kristau Kolektiboak hiru gaualdi antolatu ditu, hausnarketa, elkarrizketa eta otoitz bidez, Euskal Herrian «zinezko bakea bideratzeko urratsak egin nahi dituzten guztiei» irekitakoak. «Aieteko Konferentziaren urteburu kari, handiesten dugu gatazkaren ebazpenaren alde ari diren guzien jarduera, handiesten ere nazioarteko erkidegoak bakea bideratzeko egiten dituen ahaleginak», diote. Eta eurek ere kristau gisa beren ekarpen berezia bermatzeko asmoz prestatu dituzte ekintzak.
Lehena, heldu den ostegunean, 20.00etan Baionako Elizbarruti etxean (Jean Darrigrand, 10). «Barrura begiratzeko leihoak», bost zinemagilek bost euskal presoren lekukotasunak bilduz egindako filma, ikusiko dute. Maiatzaren 16an, ordu eta toki berean, «euskal gatazkaren biktima orori hitza» emango diote lekukotasun, elkarrizketa eta otoitzekin, eta azaroaren 10ean, 15.30ean Ahurtiko Belokeko elizan, kantuak, olerkiak eta Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituaren mezua adituko dituzte. Harremanetarako, atxik.berrituz@gmail.com helbidera idatz daiteke.
Bakea, justiziaren fruitu
Aillet apezpikuak 2011ko urriaren 24an eginiko deiari erantzunez, «bakea justiziaren fruitua» delako, bakea molde iraunkorrean bermatzeko indarkerien amaiera ez dela nahikoa izango agertzen dute kristau hauek: «Elkarrizketa bidez bultzaturiko baketze eta berradiskidetze zeinu kementsuak beharko dira, eta, hauekin batera, ETAren desegitea eta preso politikoen egoeraren arreta».
Betekizun honi loturik, «herritargo osoaren ardura» izan behar da, Atxik Berrituz-en aburuz, Euskal Herriaren eta honen biztanleen eraikuntza gizatiarra, morala eta kulturala bultzatzea. Sinestun izanik, konbentzituta daude erlijio desberdinek ekarpena egin dezaketela eta kide guztiak bultzatzen dituzte horren alde engaiatzera.