Bells Beach 2013: lehen aldiz hegoamerikar bat garaile Australiako txapelketan
52 urteren ostean, lehen aldiz hegoamerikar bat izan da Bells Beach txapelketa mitikoa irabazi duena. Adriano de Souza brasildarrak eskuratu du ezkila. Nesken kasuan, berriz, Carissa Moore izan da irabazlea. Hawaiiarrak zirkuituko lau txapelketatik bi eskuratu ditu.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Munduko lehen mailako zirkuitua pixkanaka aurrera doa. Mutilen kasuan hamar txapelketatik bi egin dituzte dagoeneko, azkena Australian, Bells Beachen, eta Adriano de Souza surflari brasildarra izan da txapelduna.
Nesken kasuan, berriz, zazpi txapelketako itzulitik lau txapelketa egin dira. Azkena, pasa den asteburuan bertan izan da, Zeelanda Berrian, eta Courtney Conguek irabazi du.
Bells Beach
Lehen aldiz hegoamerikar batek jo ahal izan du Australiako kanpai famatua. Bells Beacheko txapelketa mitikoa da, aurtengoarekin 52. aldia da munduko txapelketa egiten dutena, baina orain artean inoiz ez zuen surflari hegoamerikar batek irabazi.
Australiarrentzat berebiziko garrantzia duen txapelketa honetan ez da bertako surflaririk izan aurten finalean. Nat Young 21 urteko Santa Cruzko (AEB) surflaria eta Adriano de Souza 25 urteko surflari brasildarra izan ziren buruz buru finalean lehian. Metro eta erdiko eskuin olatu ederrak izan zituzten euren trebezia erakusteko, eta, azkenean, De Souzak irabazi zuen ezkila australiarra.
De Souzak luze hitz egin zuen komunikabideen aurrean: «Tourreko txapelketa garrantzitsuena da niretzat. Andy Irons, Kelly Slater edo nire heroia den Mick Fanning bezalako surflariek baino ez dute izan aukera irabazlearen ezkila astintzeko. Urte asko daramatzat hona etortzen. Leku hau maite dut. Azkenaldian, gainera, momentu zailak pasatu ditut, izan ere, urtea babeslerik gabe hasi nuen. Nigan konfiantza izan behar nuen babesleren batek lagun ziezadan, eta, zorionez, horrela izan da. Jende askori eskerrak eman beharra dut, baina oraintxe bertan egin nahi dudan gauza bakarra irabazi dudan kanpaia astintzea da».
«Hurrengo geldialdia Brasilen da. Eroso sentitzen naiz etxean, baina presioa ere badago. Orain, garaipen hau gozatuko dut, hurrengo lehiaketarako indarrak hartuko ditut, eta zoriontsu jarraitu ahal izatea espero dut», gaineratu zuen brasildarrak.
De Souza ozta-ozta iritsi zen finalera, izan ere, Jordy Smith hegoafrikarra 0,04 puntuko aldearekin garaitu zuen. Finalean izan zen beste lehiakidea, berriz, Nat Young estatubatuarra izan zen. Gazte hau lehen aldiz parte hartzen ari da WCT itzulian, beraz, emaitza ona da berea.
Honela mintzatu zen Nat Young: «Txapelketa garrantzitsua izan da. Tourrean egotea bakarrik ametsa da niretzat. Bizi osoan ikusi izan ditut surflari onenak txapelketa honetan lehiatzen. Historia handiko txapelketa da eta parte ahal izatearekin bakarrik pozik nengoen. Eta finalera iristea... Ez dut hitzik sentitzen dudana adierazteko. Noski, irabazi egin nahi nuen, ezkila jo nahi nuen, baina tourrean hasiberria izan eta finalera iristea sekulako emaitza da. Hurrengoan izango da».
Joel Parkinson eta Kelly Slater izarrek ez zuten hirugarren txanda gainditzea lortu. Biek lehen postuan pasa zuten lehen txanda, eta zuzenean hirugarren txandarako pasea eskuratu zuten, baina hor amaitu zen bi lehiakideon ibilbidea. Bai behintzat Rio de Janeiron, maiatzaren 8tik 19ra, lehiatu bitartean.
Jordy Smith hegoafrikarrak ongi laburbildu zuen txapelketa nolakoa izan zen: «Lehiakide bakoitzak bere onena eman du, eta emaitza interesgarriak izan dira. Horrek aurtengo denboraldia interesgarria izan daitekeela pentsarazten dit».
Horiek horrela, egun Kelly Slater da rankingaren buru. Esan bezala, hurrengo geldialdia Brasilen izango da, Rio de Janeiron, maiatzaren 8tik 19ra bitartean. Itzuliko hirugarren txapelketa horretan 500.000 dolar daude saritan, alegia, beste lehiaketetan baino 50.000 dolar gehiago.
Moore eta Conlogue
Nesken kasuan, WCT itzulia zazpi txapelketek osatzen dute eta jada lau lehiaketa egin dituzte. Azkena, pasa berri den asteburu honetan bertan.
Bells Beacheko txapelketa Carissa Moore hawaiiarrak irabazi zuen. 20 urteko lehiakide honek aurreko txapelketa ere irabazi zuen, hau da, Margaret Riverren egin zutena. Oso denbora tarte laburrean hiru txapelketa egin behar izan dituzte neskek, eta denbora gutxian gauza asko gertatu dira.
Bells Beachen, Carissa Moore eta Tyler Wright australiarra izan ziren finalean. Azken hori, aurtengo lehen proba irabazi zuen lehiakidea da. Hala ere, hawaiiarrak alde handiz garaitu zuen etxean ari zen lehiakidea.
Jarraian Zeelanda Berriko txapelketa etorri zen, ordura arte jokatutakoen apur bat desberdina, izan ere, itzuliko lehen hiru txapelketak kalitateko eskuin olatuetan egin ziren bitartean, azken hori olatu txikietako txapelketa bat izan zen. Finalean Coco Ho hawaiiarra eta Courtney Conlogue estatubatuarra izan ziren buruz buru. Biak adin berekoak dira: 21 urte dituzte. Azkenean, Conloguek irabazi zuen txapela.
Sari banaketen ostean, honela mintzatu zen irabazlea: «Oraindik erdibidean gaude, beraz, aukerak badaude. Carissa Moore eta Tyler Wright oso gogor aritu dira hasiera-hasieratik, baina txapelketa honetan ez dira hain ongi aritu eta horrek zirrikitu bat ireki du, gainontzeko lehiakide guztiek aprobetxatu nahiko dutena. Ni nire buruarekin ziur sentitzen naiz, ongi ari naiz surf egiten; beraz, ziur naiz Brasilen ere ongi arituko naizela».
Itzuliko bosgarren proba Brasilen izango da. Mutilen kasuan bezala, maiatzeko bigarren astean jokatuko da. Bien bitartean, Carissa Moore da rankingeko buru. Pauline Ado hendaiarrak, berriz, hiru postu behera egin ditu rankingean eta egun 12. postuan da.