Jaialdi handiak ere hasi dira kartel lehiaketak antolatzen
Aurrekontuak ezartzen dituen mugak edota gizartearen inplikazioa bilatzeak bultzatuta, gero eta gehiago dira jaialdiak iragarriko dituzten kartelak hautatzeko lehiaketak antolatzen dituztenak. Horietako hiru dira Donostiako Jazzaldia, Zinemaldia eta BBK Live.
A. A. | DONOSTIA
Azken urteotan aurrekontu gero eta estuagoei ahalik eta etekin gehien ateratzeko beharrean izan dira kultur munduko hainbat jaialdi, eta, era berean, gizartea kulturara erakartzeko ahalegin handiagoa egin behar izan dute. Hori horrela, ez dira gutxi iragarpen kartelen diseinurako lehiaketak antolatu dituzten jaialdiak. Horietako hiru dira Donostiako Zinemaldia, Jazzaldia eta BBK Live.
Lehenari dagokionean, iaz antolatu zuen kartela hautatzeko lehen lehiaketa irekia eta aurtengoa ere abian da. Lanak aurkezteko epea amaituta, otsailean eta martxoan zehar Donostiako Zinemaldiaren webgunera (www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa) sartu den edonork izan du guztira aurkeztutako 1.046 kartelen artean gustukoen zuena hautatzeko aukera, eta, hala, azken fasera hamar kartel pasa dira. Antolakuntzak, bere aldetik, beste hamar hautatu ditu, eta, orain, kultur munduko pertsonez osatutako epaimahai batek izango du horien artean aurtengo Zinemaldiko sail ezberdinak ordezkatuko dituzten kartelak hautatzeko ardura.
Antolakuntzatik aurreratu dutenez, maiatzaren 10ean egingo duten prentsaurreko batean aurkeztuko dituzte hautatutako kartelak eta bozketan parte hartu duten 10.204 herritarrei eskerrak emateko, maiatzaren 15ean zenbait sariren zozketa egingo dutela ere aurreratu dute.
Bere aldetik, bozketa fasearen amaieran dago Donostiako Jazzaldia. Hain justu gaur arratsaldeko seietan amaitzen da bozak emateko epea, eta, antolakuntzatik azaldu dutenez, 780 dira euren proposamenak bidali dituzten sortzaileak. Kartelak www.heinekenjazzaldia.com eta http://especiales.heinekenjazzaldia.com/carteles orrialdetan ikus zein bozka daitezke eta horietatik aterako da aurtengo Jazzaldia ordezkatuko duen kartela. Irabazleak 1.200 euroko saria jasoko du.
BBK Live, oraindik garaiz
Kartelak lehiaketa bidez hautatzea erabaki duen azken jaialdietako bat da Bilbao BBK Live. Aurtengo edizioa oraindik ospatu ez bada ere -uztailaren 11tik 13ra izango da-, antolakuntzak hurrengo urtekoa atontzeari ekin eta kartel lehiaketa deitu du lehen aldiz. Izan ere, orain artean jaialdia antolatzen duen Last Tour International izan da diseinu ofiziala finkatzearen arduraduna.
Antolakuntzatik lanak aurkezteko epea maiatzaren 7an amaituko dela eta irabazleak 3.000 euroko ordaina jasoko duela iragarri dute. Pertsonako bi kartel aurkezteko aukera dago eta lan bakoitzak bi bertsio izan beharko ditu, bata proposatzen den irudiarekin eta bestea balizko kartel formatuan, hau da, musika taldeak iragarriz. Lan irabazlea BBK Liveko antolakuntzako hiru ordezkariren, Bilboko Udaleko kide baten eta diseinuan adituak diren bi lagunen artean hautatuko dute, eta, aurreratu dutenez, maiatzaren 22an ezagutaraziko dute erabakia. Lan onenekin erakusketa bat antolatzeko asmoa dutela ere azaldu dute.