Josebe Egia
Estutasuna eta konfiantza eza
Diruarekin zerikusia duen guztirako, ez dira garai onak. Ondo dakigu gobernuetatik eta beren baitako erakundeetatik artaziaren distira baino ez direla ari eskaintzen, eta, ondorioz, milaka lagunen itolarria. Lana -edozein- edukitzea zortea den aro honetan, etxebizitzari eutsi ahal izatea lehentasunezko xede bihurtuta, suizidio hutsa bilakatu da dena utzi eta ezerezetik hasi nahi izatea, nahia baino beharra denean ere.
Ez dira garai onak bizimodu berri bati ekiteko. Antza, genero indarkeriaren biktimek ere ondo baino hobeto ulertu dute ez dela adorea erakusteko unea. Arrazoi horregatiko salaketak, 2012. urtean, eta badira elkarren segidako bost urte, jaitsi egin ziren, eta jada aurkezturiko asko bertan behera utzi, biktimaren aldetik. Jakina, horrek ez du esan nahi gutxiago jipoitzen, iraintzen eta umiliatzen denik, gaitzak atzera egin duenik eta desagerrarazteko bidean dagoenik, baizik eta emakumeak gutxiago joaten direla salatzera, zailtasun handiagoa dutela horrekin bukatzen hasteko pauso hori emateko erabakia hartzeko. Izan ere, mendekotasun ekonomikoak eskuek lepo inguruan bezainbeste estutzen du. Izan zaitezke ausartagoa, agian, zure burua baino ez duzunean jokoan, baina, aurrera begira irudikatutakoa ziurgabetasuna eta babesgabetasuna denean, zailagoa bilakatzen da zure kargu haur txikiak dituzunean. Etorkizun berria imajinatzean, langabezia, estutasuna eta pobrezia ikusten dituzunean.
Murrizketak, besteak beste, hori eragiten ari dira jendartean: beldurra, ezinegona. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide eta honen baitako Etxeko eta Genero Indarkeriaren Kontrako Behatokiaren presidente Inmaculada Montalbanek, krisia gaitz honen osasunari mesede egiten ari zaiola ikusita, argi adierazi du: nahitaezkoa da jendarteari jakinaraztea emakume guztiak artatuko direla, laguntza izaten jarraituko dutela, eta ez dagoela arrazoirik horrela izango ez delako beldurragatik salatu barik geratzeko. Ez da erraza, baina, megakomunikazioaren garai honetan, mezuak milioika, alde guztietatik, kontrajarriak, nahasgarriak iristen zaizkigun honetan, politikan eta politikariengan gezurra, ustelkeria eta nork bere burua aberasteko grina sumatzen dugun honetan, erakundeengan eta eskainiko diguten bermean konfiantza izatea. Ez da erraza, areago, larritasun ekonomikoak itsutzen duen bezala itsutzen duenean. Gosea eta miseria direlako pertsona batek amesten duen azkenekoa.
Aitak, haurra nintzela, beti esaten zidan: «Hazten zarenean, lan on bat topatu behar duzu, aske eta independentea izatea ahalbidetuko dizuna; gero elkartuko zara gizon batekin, nahi baduzu, baina lehenik eta behin topatu lan on bat, zure kabuz bizitzeko aukera ez dezazun inoiz gal». Niretzat hitz haiek, 11-12 urte nituela, txinera bezain ulergaitzak ziren, aita tematiaren kontu eroak. Orain, berriz, ezin hobeto ulertzen ditut; areago, eskolan ere ikasi beharreko lehenengo irakaspena izan beharko litzatekeela uste dut. Krisia egon ala ez, gure etorkizuna, ahalik eta neurri handienean, gure eskuetan egon dadin.