GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Waltari eta Harizmendi hasi dira agertzen

p038_f02_87x140.jpg

J.L.

Waltari eta Harizmendi Berezkoen Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusiak ziren lehiaketa abian jarri zenean, baina orain arte partida guztiak galdu eta itxura txarra emanez zenbiltzan. Atzo, ordea, egunik garrantzitsuenean, biak agertu ziren, eta finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuten.

Ezustea, ordea, beste partidan izan zen, han Laurent Lanbertek eta Bonebeltxek beren kanporaketa irabazi baitzuten. Horrenbestez, hauek ere finalerdietan izateko txartela lortu zuten.

Waltarik eta Harizmendik 40 eta 33 irabazi zieten Bielleri eta Ezkurrari 78 minutuz pilotan aritu ostean. Faboritoen gainean zalantza asko zeuden, eta batek baino gehiagok ere uste zuten atzokoa izango zutela azkeneko partida. Baina ez zen horrela izan, eta txapela irabazteko faboritoen zerrendan jarraitzen dutela erakutsi zuten.

Hasierako kintzetako orekaren ostean, apurka-apurka aldea ateratzen hasi ziren, eta 11 kintzeko tartea izan zuten partidako alderik handiena, 30-19 jarri zirenean. Ordurako bazirudien dena erabakita zegoela, baina Biellen eta Ezkurraren erreakzioa heldu eta zazpi kintzera jarri ziren, 38-31.

Hala ere, ordurako dena argi zegoen, faboritoek bi kintze nahikoak zituztelako irabazteko, eta horrelaxe izan zen, garaipen erosoa lortu baitzuten amaieran.

Saketik bederatzi tanto egin zituen Waltarik, eta, hiru, Biellek. Markagailua honela joan zen: 1-1, 1-3, 3-3, 9-4, 16-7, 18-8, 21-15, 25-18, 30-19, 36-26, 38-31 eta 40-33. Finalerdietan Sorhueten eta Ducassou II.aren aurka jokatu beharko dute.

Ezustea bigarren norgehiagokan izan zen, hor Laurent Lanbertek eta Bonebeltxek 40-37 hartu baitzituzten mendean Etxeberri eta Etxeto. Azken horiek ziren faborito, eta partida osoan zehar aitzinetik ibili ziren. 33-27 ere egon ziren, baina atzetik etorri, 37-37 berdindu eta garaipena erdietsi zuten. Herve Etxeberri eta Thierry Etxeto nekatuta heldu ziren azkeneko tantoetara, eta hori erabakigarria izan zen amaierako emaitzan.

Norgehiagoka luzea izan zen, 96 minutu iraun zituen, eta saketik hiru tanto egin zituen Etxeberrik eta bi Lanbertek. Markagailua honela joan zen: 5-1, 9-2, 13-3, 18-11, 20-20, 24-24, 25-25, 26-26, 33-27, 36-32, 37-37 eta 37-40. Finalerdietan Larretxearen eta Ximun Lanberten aurka neurtuko dira. Beraz, Lanbert anaiek elkarren aurka jokatu beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo