GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Borroka kualitatiboak

Demokrazia finantzarioaren sasoiotan ezaugarri kuantitatiboek, zenbakiek, dute garrantzia. Eta joko-zelai horretan, ahulak gara, boto emaile gutxi dituen lurralde txiki bat, estatuen biztanle kopuru totalean pisu txikia daukan orbana

Sun Tzu txinatarrak Kristoren aurreko bosgarren mendean idatzi zuen «Gerraren artea»-n zioenez: «Zure burua ezagutzen baduzu zure etsaia bezain ondo, ez diozu ehun borrokaren emaitzari beldurrik izan behar». Egia ala gezurra izan, langintza zail bi aipatu zituen Tzuk, etsaia eta gure burua ezagutzea.

Etsaia ezagutzeak bere larruan sartzeko ahalegina eskatzen du. Edo hobeto esanda, bere larruetan. Izan ere, gerrarako orduan bloke monolitikoa dena, interes, sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinen mosaikoa da bakea egiteko sasoian. Are gehiago eskumako alderdietan, epe luzera hegemonia ideologikoa eman dien egitura bakarrean kontzentratu baitziren XX. mendeko gerren ostean. Aurkariaren arriskuarekiko joera, gugandik espero duena, bere kezka nagusiak eta bion arteko indar korrelazioa errepasatu behar ditugu egunero. Batez ere, aldakorrak direlako.

Horren ostean lanik zailena dator, norberaren burua ezagutzea. Zailtasuna ez du datuak lortzeko ezintasunak adierazten, ariketa hori era ondo antolatu eta kontzientean egiteko ohitura eza, gure alderdi makurrak objektibotasunez baloratzeko muga psikologikoak eta estrategia ondorio horietara egokitu beharrak baizik. Maila pertsonalean une gogorretan jasotzen dugu gure buruaren gaineko informaziorik baliotsuena, eta garrantzitsuagoa dena, gure buruari gure begietatik begiratzen ikasten dugu.

Zikloak itxi behar dira abagune berriak lortzeko. Baina Euskal Herriari dagokionez, espainiar eta frantziar estatuek ez dute gura. Eroso sentitu ziren konfrontazio armatuaren atzeneko urteetan, eta ziklo hori betiko ixteak beldurtzen ditu, ondo dakitelako hurrengo fasea gure herriaren eskubideen aldeko ofentsiba politiko-soziala izango dela, herritarren gehiengoaren babesa izango duena. Baina badakite, aldi berean, ez garela fase horretan buru-belarri sartuko preso eta iheslarien gaia konpondu arte. Ate horren giltza eurek daukate. Eta ahantz ez dezagun, kasualitate edo kausalitatez, hildako bat ipintzen digute mahai gainean Aberri Egun bakoitzean.

Europako egoera politiko nahastuan ez dut uste estatuek gatazka konpontzeko neurririk, arrisku gehigarririk hartuko dutenik. Demokrazia finantzarioaren sasoiotan, ezaugarri kuantitatiboek, zenbakiek dute garrantzia. Eta joko-zelai horretan, ahulak gara, boto emaile gutxi dituen lurralde txiki bat, estatuen biztanle kopuru totalean pisu txikia daukan orbana.

Hain zuzen ere horregatik, sekula ez dute estatuengan eraginik izango parametro kuantitatiboetan planteatzen ditugun pultsuek. Euskal Herritar guztiak mobilizatuko bagina ere, ez gara Madrileko biztanleak beste. Ondorioz, gobernuarentzat immobilismoak errentagarriagoa izaten jarraituko luke.

Borroka armatuak garai batez gure ezaugarri kuantitatiboa baino askoz pisu politiko handiagoa izatera eroan bagintuen, bere izaera kualitatiboagatik izan zen. Desobedientzia zibila, bere horretan, ez da borroka molde kualitatiboa, baina Giraldillen ekintza bai. Horretan datza gure indarra. Edozeinek egin ezin dituen gauzak egitean. Konpromisoa eta goi mailako prestakuntza dira bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo