Oteizak utzitako neurrigabeko hutsunea
Gizon polemiko, sutsu, zirikatzaile, ipurterrea... eta, oroz gain, artista. Joan den mendeko artistarik garrantzitsu eta eragin handienetakoa. Horixe izan zen Jorge Oteiza, duela hamar urte zendu zen euskal kulturaren eta pentsamenduaren artista. Duela hamar urte zendu eta neurrigabeko hutsunea sortu zuena, baina bere obra eskultoriko eta idatziaren bidez mundu honetan presente dagoena. Izan ere, hutsaren handitasuna erakutsi zuen gizonak fisikoki desagertuz hutsune erraldoia sortu zuen euskal artean, kulturan, pentsamenduan, berpiztu eta eraldatu, irauli, egin zituen arloetan, hain zuzen.
Oteizaren heriotzaren urteurrena dela-eta ekitaldi ugari antolatu dira han-hemenka haren omenez. Haietako batzuk Altzuzan, bere ondarea erakutsi eta guztiekin partekatzeko hautatu zuen lekuan, Jorge Oteiza oriotarra lurperatuta dagoen lekuan. Altzuzan, Nafarroako herritarrei bere ondarea utzi zien lekuan, batzuen ustez erabaki okerraren ondorioz; beste batzuen ustez, berriz, bete-betean asmatu zuen. Ezin leporatu euskal artistari, nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren jarrera, gustuko ez duen artista ezkutatzekoa: Oteiza euskal artista iraultzailea, alegia.
Beti egongo da Oteiza ezagutu eta ezagutarazteko lana, eta beste bat, ezinezkoa: hark utzitako hutsunea hustea.