GARA > Idatzia > Ekonomia

Ehunka lagun bildu dira Baionan Hitzarmen Nazional Interprofesionalaren aurka

«Flexibilitatea eta prekaritatea» areagotuko dituen akordioa gaitzetsi zuten atzo LAB, CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek Baionan. «Zorroztasun politikaren» aurka mobilizazioak indartzeko deia egin zuten.

p031_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Atzo hasi zuten Frantses Legebiltzarrean joan den urtarrilaren 1ean, CFDT, CGC, CFTC eta enpresaburuen sindikatu MEDEFen babesarekin izenpetu zuten Hitzarmen Nazional Interprofesionalaren gaineko eztabaida. Lege bilakatu nahi duten akordio hori salatzeko asmoz, LAB, CGT, FO eta Solidaires sindikatuek deiturik mobilizazio eguna egin zuten atzo goizean Baionan.

«Atzerapen sozialari ez, gizarte eskubide eta enpleguaren hobekuntzari bai» lelo nagusia baliatu zuten CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek. LABek, bestalde, «Flexibilitatea borrokatu, bertan erabaki» aldarrikatzen zuen banderolaren gibelean desfilatu zuen.

Akordioaren helburua «enpleguaren flexibilitatea» dela salatuz, sektore ezberdinetatik hurbilduriko langileek, Baionako karrikak zeharkatu zituzten, euripean, Suprefeturaren parean kokatua dagoen Colette Capdevielle diputatu sozialistaren egoitzaraino. «Erreforma hori ez dugu onartuko», oihu egin zioten datozen egunetan legearen alde bozkatuko duen diputatuari.

Lan kontratu mugagabeen desagerpena, eskubide indibidual zein kolektiboetan gibeleratzeak, langileen mugikortasun behartua eta kanporaketa kolektiboak gauzatzeko erraztasunak dira, besteak beste, sindikatuek onartezintzat jotzen dituzten puntuak. Peio Dufau CGTko ordezkariak esan zuenez, «badira akordio horretan alde onak, baina horiek oraindik negoziatu egin behar dira. Alde txarrak aldiz, finkatuak dira».

Horrekin batera, CFDT sindikatuak akordioa izenpetuz intersindikalaren indarra zapuztu izana salatu zuen. «Interprofesionalak zaflako bat hartu du gaur, eta hori langileentzat txarra da», esan zuen.

Halere, CGT, FO, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek, atzoko ekimenaren bidez, dei egin zieten euskal langileei «zorroztasun politikaren» aurka mobilizazioak indartzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo