GARA > Idatzia > Kultura

Euskal umorearen gakoak aztergai, «Le rire des Basques» ikerketa liburuan

Barre egiteko barre egin nahi izatea ez dela nahikoa azpimarratzen du Eric Dicharry antropologoak Jose Miguel de Barandiaran fundazioak 2009an emandako bekari esker kaleratu duen liburuan. Hiru urteko ikerketaren fruitua da euskal umorearen eta bertsolaritzaren arteko zubia eraikitzen duen lan zabala. L'Harmattan argitaletxeak frantsesez eta euskaraz -testuak jatorrizko hizkuntzan utzi dituzte- kaleratu berri du «Le rire des Basques» liburua.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Jose Miguel de Barandiaran fundazioak sustatuta L'Harmattan argitaletxeak «Le rire des Basques» liburua kaleratu du. Bertan jasotzen diren ondorioak Eric Dicharry antropologoak egindako ikerketa batetik atera dira. Egileak 2009an fundazioaren beka lortu zuen, eta bere ustez ikertzeke zegoen eremu bat aztertzeari ekin zion: euskaldunok zergatik egin dugun barre, umorea unibertsala izatea oso zaila baita.

«Gizarte guztietan irriak leku garrantzitsua du, baina gizarte zientziatan ikertzaileek ez dute aintzat hartu -azaldu zuen egileak-. Ikerketa honek hutsune bat betetzen du». Izan ere, ikuspuntu antropologikotik begiratzen badugu, irriak asko esaten digu gizarte bati buruz, bromak ulertu ahal izateko ez delako nahikoa barre egin nahi izatea.

Antropologoaren esanetan, hauek dira txantxa bategatik barre egiteko hiru elementu nagusiak. Lehenik hizkuntza dago, baina ez da nahikoa hiztegia ezagutzea; hizkuntza horretan ondo moldatzea beharrezkoa da, esamolde eta metaforek esan nahi dutena ulertzeko.

Bigarren elementua testuinguru sozial, politiko eta kulturala ezagutzea da. Esaterako, Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrek zenbaitetan ez dute gauza berdinez barre egingo, Estatu espainol edo frantseseko egoera ez dutelako ondoegi ezagutzen, eta beraz, ezagutzen ez dugunari buruz txisteak egiten direnean ezinezkoa da ulertzea.

Hirugarren faktorea ideologia da, txiste bat ulertu bai baina entzuten ari garena onartzen ez badugu ez digu graziarik egingo. Alegia, badaude zenbait gai txantxak egiteko erabiltzen ez ditugunak. Dicharryk, batez ere, bertsolaritzak publikoan lortzen dituen erreakzioak aztertu ditu, eta zenbait elkarrizketa egin ditu liburu hau idazteko. Horietako batean Sustrai Colinak dio gatazka politikoari buruzko txisterik ez duela egiten, publikoak bere azalean senti dezakeelako, eta bertsolariak berak ere hala sentitzen duelako.

Bertsolarien lana

Adituaren esanetan, txiste batez barre egiten duten guztiak berdinak dira hizkuntzaz, kulturaz eta ikuspuntuz, eta denek barre egiten badute umoreak badu nolabaiteko gaitasuna jendea elkartzeko. Baina baita banatzeko ere, barre egiten ez duenik badago, horrek esan nahi duelako ez duela hizkuntza bera ezagutzen, edo bere ezagutzak murritzagoak direla edo aipatu den gaiari buruzko beste ikuspuntu bat duela.

Dicharryren ustez, bertsolariek sekulako lana egin behar dute jendeak barre egin dezan. Bertso saioa non den kontuan izanik, zein hizkuntza erabili kontuan hartu behar dute, metaforak edo exajerazioak zein neurritan erabili behar duten eta hiztegia jantziagoa edo arruntagoa izango den. Era berean, publikoaren kultur-ezagutza maila zein den kontuan hartu beharko dute eta horren arabera gaia aukeratu.

Horrez gain, erabaki behar du bere buruaren gaineko txisteak egingo dituen edo kanpoko elementu baten ingurukoak. Dicharryk adierazitakoaren arabera, gero eta gutxiago erabiltzen dute euren burua txantxa iturri moduan eta nahiago dute beste bertsolariak edo publikoa zirikatzea.

Ikerketa liburua frantsesez kaleratu dute momentuz, zenbait testu, bertso eta elkarrizketa zati euskaraz dituen arren. Bertan biltzen den ezagutza Estatu frantsesean zabaltzea du helburu, baina etorkizunean euskaraz ere publikatuko dute. Hurrengo pausoa gaztelaniaz argitaratzea izango da.

Euskal gizartea hobeto ezagutzeko erakundea

«Le rire des Basques» Barandiaran bildumako 17. alea da, fundazioko kolekziorik garrantzitsuenetarikoa. Fundazioaren helburua Jose Migel Barandiaran zenaren lana bildu eta zabaltzea da batez ere. Lortzen dituzten lanak katalogatu eta artxibatu egiten dituzte, baita bere elkarrizketak, hitzaldiak edo filmaketak ere. Bere bizitza osoan zehar Barandiaran Euskal Herriko Atlas Etnografiko bat osatuz joan zen eta euskal gizartearen inguruko ikerketak egiten. Hein horretan, fundazioak, Barandiaranek bezala, gizartea ikertzen dutenen lanak babesten ditu, beken bidez, eta baita euren argitalpenak sustatzen ere. Historiaurrea, arkeologia, antropologia eta etnologia dira fundazioak lantzen dituen gaiak eta horien inguruanekintzak prestatzen dituzte. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo