GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osakidetza eta Onkologikoa hizketan hasiko direla esan die zuzendaritzak langileei

Zuzendaritzak Onkologikoko enpresa batzordea bilerara deitu zuen atzo urgentziaz, goizean langileek sare publikoan sartzeko eskatuz egindako elkarretaratzearen ondoren. Elkarrizketak abian jarriko direla esan zieten.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Datozen aste edo hilabeteetan egin daitezkeen urratsengatik ezinegona sentitzen dute, bereziki urtea hasi zenetik, alegia, Onkologikoan enpresa pribatutik datozen zuzendaritza eta aholkularitza batzordea izendatu zirenetik. Langileek eta medikuek ez dute sentitzen dutena ezkutatu; horren adierazle, geroztik sinatu dituzten eskutitzak. Atzo, ordea, zentroa sare publikoan txertatua izan dadin eskatzeko bidean aurrerapauso bat eman zuten, eta aurrerantzean, egunean bi elkarretaratze egingo dituzte sarrera nagusian: 07.45ean lehena, eta 14.50ean bigarrena.

«Zeinek agintzen du Onkologikoan: Madril edo Gipuzkoak?», zioen pankarta nagusiak. Bigarren batek Lakuari, Kutxa Fundazioari eta Onkologikoa Fundazioari berari «irtenbidea» eskatzen zien, elkarrizketak martxan jar ditzatela exijituz.

Aurreneko elkarretaratzea egin eta denbora gutxira, enpresa batzordeak bilera baterako deia jaso zuen zuzendaritzatik, GARAk jakin zuenaren arabera. Bilera 14.00etarako zegoen deituta, baina deialdian ez zen zehaztu zuzendaritzaren aldetik nork hartuko zuen parte, ezta gai zerrenda zein zen ere.

Egunkari honek jakin zuenez, bertan izan ziren Almudena Moreno ordezkari nagusia eta Jose Antonio Alberro mediku zuzendaria -iragan martxoaren 14tik Maria Jesus Mitxelena ordezkatzen du zeregin horretan-.

Enpresa batzordeko ordezkariei adierazi zietenez, Onkologikoaren eta Osakidetzaren arteko elkarrizketak «aste honetan eta hurrengoaren artean abiaraziko dira». GARAk kontsultatutako iturriak, hala ere, ez dira baieztapen hauetaz fio.

Bestalde, langileek euren eskakizunak jarri zituzten mahai gainean. Batetik, Gasteizko Parlamentuak martxoaren 7an onartu zuena bete dadila, hau da, Onkologikoa sare publikoan sar dadila, eta bestetik, zentroko baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzea.

Jarduera plana

Mobilizazioak egiteko erabakia astelehenean enpresa batzordeak langileekin egin zuen bilera batean onartu zen. Bertan, halaber, zuzendaritza berriak martxorako agindu zuen jarduera plana izan zuten hizpide. Salatu zutenez, oraindik ez dute txostenik jaso, eta beraz, ez dakite zeintzuk diren epe motz-ertainerako zuzendaritzak Onkologikoarekin dituen asmoak.

Atzoko bazkalaurreko bileran kezka hori helarazi zieten Moreno eta Alberrori, eta hauek baieztatu zutenez, aipatutako plana egina dago, baina enpresa batzordeari «datorren astean» helaraziko diote, lehenago Onkologikoaren Patronatuak ikuskatu behar du-eta. Antza denez, bost urteko epeaz mintzatzen den plana da, eta ospitalizazio unitatearen planteamendu berria proposatzen du. Kontsultatutako iturriak honekin ere mesfidati agertu ziren.

Langileei dagokienez, azkenik, mugimendu batzuk egon direla baieztatu diote GARAri, besteak beste, aldi baterako kontratuak ez berritzea.

KUTXAKO BILTZARRA

Bihar, 16.00etan, Kutxak biltzarra egingo du Donostiako Andia kaleko egoitzan. Enpresa batzordea eta langileak atarira gerturatuko dira, Onkologikoa sare publikoan txertatua izan dadin eskatzeko.

kartelak

Murrizketak salatzeko eta integrazioa eskatzeko Onkologikoan zeuden kartelak kentzeko agindu zuen atzo zuzendaritzak. Langileek berriro jarriko dituztela iragarri dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo