Iruñeko peñetako gazteek euren eguna ospatuko dute datorren larunbatean
GARA | IRUÑEA
Iruñeko peñetako gazteek bigarren urtez euren eguna ospatuko dute datorren larunbatean. «Iaz Irugazpe kolektiboaren barruan elkartzea erabaki genuen, eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere segitzen dugu peñetako gazteak berraktibatzen eta belaunaldi ordezkapena bultzatzen, peñen berezko izaera berreskuratzeko», azaldu zuten atzo egin zuten aurkezpenean.
«Izandako bileretan ziurtatu ahal izan dugu, urtean zehar izaten diren kultur ekintzak gero eta murriztuagoak ikusten direla, baita horiek Udalaren aldetik jasotzen dituzten laguntzak ere. Gazteok aukera gutxi ditugu gure aisialdia antolatzeko eta horietako bat peñen barruan dago. Hori dela eta, gazte askok lanean dihardugu. Dena den, gure iritzia ez da aldatu. Irugazperen proiektuan gabiltzanok gehiago bagina, askoz gauza gehiago egingo genituzke. Horregatik, gazte oro Gazte Egunean bertan zein aurrerago egingo diren lanetan parte hartzera gonbidatzen dugu», gaineratu zuten.
Iruñeko egoera orokorra aldatzera ere deitu zuten. «Geure hiriak dituen gabeziei zein injustiziei aurre egin behar diegu. Gauzak aldatzeko denok beharrezkoak garela argi dago, eta peñek lan horretan oso indar handia dutela agerikoa da. Dena den, gazteok haratago joan beharko genuke gure etorkizuna jokoan dago eta. Bizirik gaudela ikus dezaten!», esan zuten.
Aurtengo Gazte Egunaren berrikuntzen artean musika txapelketa dago. Horri esker, bertako talde gazteen musikaz gozatzeko aukera izango da. Txapelketan finalista geratu diren hiru taldeak epaimahai profesional batek hautatu ditu. Horiek Gazte Egunean jotzeko aukera izango dute eta irabazleak sanferminetan joko du.
Egitaraua goizeko hamarretan hasiko da San Fermin eta Errotxapea peñetan egingo den hamaiketakoarekin. 12.30ean kalejirak izango dira Alde Zaharreraino; 14.00etan, bazkaria Alegria peñan; arratsaldean, berriro kalejira eta musika txapelketa; gauerdian, berriz, Legez Kanporen kontzertua.