GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Agur

 

François Hollande presidentea Malin eskua altxatuta ageri den irudi bat daukat aurrean. Beti egin izan zaizkit deigarriak ustezko masa jendetsu baten erdian agur eginez agertzen diren agintarien irudiak. Asko esaten du gizakiaz bere diosal egiteko manerak, agurra izan baitaiteke zurruna, izan liteke zintzoa, edo izan liteke harroa, eta halakoxea daukate agurra agintariek, Mendebaldeko agintariek bereziki, trajez eta gorbataz agur egiten agertzen direnean. Zeren eta geuk, herritarrok, agurra bestearen aurpegian bilatu egiten dugu, eta bilatzeak beti eskatzen du halako neurria edo apaltasuna. Nahikoa ezagutzen ez dugun norbaitek zarata handiz eta bizkarrekoak emanez agurtzea, lotsagarria eta are ofentsiboa irudi dakiguke. Zer gauza bitxia den: keinu bat besterik ez da, zerura altxatzen den esku bat, asko jota irribarrea eta bekainak goratzea, baina badakigu keinu horren intentsitatea komeni den parametroetan erakustea, ez gehiago eta ez gutxiago. Ez da berdin gertatzen politikariarekin. Haientzat denak dira lagun minak, antza, eta halako desneurri lizun batekin agurtzen dute, aurrean kazetariak baizik ez dituzten arren. Non ikusten dituzten fotografoak, hantxe hasiko dira hortzak erakutsiz aio eta aio eginez, periodistak banaka agurtu nahiko balituzte bezala. Eta periodistak agurtzen dituenez, halaxe ageri zaigu albistegietan, agurtu eta agurtu, arratsalde osoa hau eta beste agurtzen pasa izan balute bezala. Kalearen erdian neskatila batzuen aurrean gabardina ireki eta zakila irteten duenaren pare, haien agurrak eraso egiten gaitu. Bortxatu egiten gaitu. Nahi eta ez, agurra jaso eta onartu behar duzu, ezin diozu iskin egin. Niri, zer nahi duzue esatea, halako keinuak ikusten ditudanean beti datorkit pentsamendu bera: beti ari zarete agur esaten, baina inoiz ez zarete benetan joaten.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo