GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Ontzi biodegradagarri bat egin dute kalamuz eta lihoz

Material konposatu biodegradagarri bat erabilita, erretilu termoformatu bat eta bere tapa sortu dituzte, eta liho eta kalamu zuntzekin indartu. Barrera propietate onak ditu eta haragia kontserbatzeko gai da ohiko material berriztaezinen baldintza beretan.

p018_f01.jpg

Maider IANTZI

Europako Traysrenew izeneko proiektuan bildutako hainbat herrialdetako lagunek ontzi biodegradagarri bat egin dute kalamu eta liho zuntz naturalekin, elikagaien industrian erabiltzeko. Biltegiratzeko ohiko materialek baliabide berriztaezinak dituzte oinarri, eta egitasmo honen xedea hauek ordezkatzeko gai izanen den ontziratze sistema berritzaile bat sortzea izan da. Hegazti haragia ontziratzeko barketa termoformatu bat eta dagokion tapa garatu dituzte, eskatutako elikadura segurtasuneko eta kalitateko eskakizunak betez. Gustura daude lortu dutenarekin, ohiko materialen propietateak berdindu bakarrik ez, zenbait kasutan hobetu ere egin dituztelako. Europar Batasunaren zazpigarren I+G esparru programaren laguntzarekin, bi urtez aritu dira lanean. Termoformas del Levante enpresa buru, hainbat partaide izan ditu partzuergoak: Euskal Herriko Unibertsitatea, Consum, Gaviplas, Productos Florida, Rondol, Rodenburg Biopolymers, Arctic Fiber, Erresuma Batuko Materialen Institutu Teknologikoa eta ITENE. David Mas Termoformas del Levante enpresako zuzendari nagusiak lortutako emaitza onak nabarmendu ditu eta ontzi berriari egindako azterketek ezarritako asmoak betetzen dituztela ziurtatu du.

ITENE Enbalaje, Garraio eta Logistikaren Institutu Teknologikoko Miriam Gallur ikerlariarekin mintzatu da GARA, proiektuari buruz gehiago jakiteko. Azken urteetan material konposatuak garatzeko zuntz naturalak gero eta gehiago erabiltzen direla azaldu du Ontziratzeko Material eta Sistemen arloko langileak, iturri berriztagarrietatik lortutako zuntz begetal hauen prezio baxuak eta, batez ere, erresistentzia mekaniko handiak bultzatuta. Zehazki, lihoa eta kalamua aukeratu zituzten bertze zuntz naturalekin konparatuta propietate fisiko-mekaniko onak izateaz gain, zelulosa anitz (%60 inguru) eta lignina gutxi (%1,5-2) dutelako. «Propietate kimiko horiek ahalbidetu ziguten zelulosa nanozuntzak lortzeko prozesuak leunagoak eta, beraz, merkeagoak izatea. Hala, poli (azido laktiko) eta zelulosa nanozuntzezko material konposatu bat sortu genuen, eta propietate mekaniko, optiko, termiko eta barrera propietate onekin, ontziratzeko produktuaren kontserbazioa bermatu», agertu du Gallurrek.

Produktu berriaren merkaturatzean eragin handia izanen du ontzi mota honen aldeko apustua egiteko industriak duen eskariak eta interesak. Traysrenew-en ardatza soluzio jasangarri bat garatzea izan da, jasangarriak ez diren eta gaur egun merkatuan dauden soluzioen propietateetara iristeko. «Fabrikazio prozesua ohikoa da eta proiektuko partaideekin egin ditugun probetan, ez dute makineria aldatu edo egokitu beharrik izan. Hortaz, hagitz erraza izanen litzateke egokitzea», argitu du ikertzaileak. Beraien soluzioari dagokionez, noiz merkaturatuko den ezin dutela zehaztu dio, baina urte eta erdiren edo bi urteren buruan izan daitekeela kalkulatzen dute.

Eta hegazti haragirako ona bada, bertze elikagai batzuetarako ere balio dezake? Hegaztikia hautatu zuten proba egiteko kontsumitzaileek anitz eskatzen duten jakia delako, osasungarria, merkea, gantz gutxikoa eta hagitz elikagarria. Gainera, Europan, hegaztikiaren ekoizpena igo eta igo ari da eta 2020an 12,5 milioi tonako produkzioa izanen da, aurreikuspenen arabera.

Baina asmatutako materiala hamar egunetan jan daitezkeen bertze haragi fresko mota batzuk hoztuta gordetzeko ere egokia izan daiteke. Eta, formulazioa pixka bat egokituz gero, haragiaren antzeko barrerak behar dituen edozein motatako produktu freskoetarako erabili ahalko litzateke; barazkietarako eta arrainetarako, adibidez.

Hainbat herritako bazkideak

Europar Batasuneko zazpigarren I+G esparru programaren deialdiko proiektuak merkaturatzetik ahalik eta hurbilen egotera bideratuta daudela jakinarazi du Miriam Gallurrek. Partaide guztiek konpartitzen duten behar bati erantzuteko, kooperazio egitasmo bat egin, eta bertan, produktuaren horniketa kateko puntu bakoitzean eragiten duten enpresek hartzen dute parte. Kasu honetan, hegaztikiaren ekoizleak, ontziaren materialaren zuntzaren fabrikatzaileak, ontzien fabrikatzaileak eta produktua merkaturatuko duen banaketa kateak berak.

Adituak diren zentroen laguntza teknikoa jaso dute, ITENErena, EHUrena eta Erresuma Batuko Materialen Institutu Teknologikoarena. Koordinatzailearen eta koordinatzaile teknikoaren artean antolatu dute lana, Termoformas del Levanteren eta ITENEren artean. Europako Batzordeak onartutako dokumentu bat segitu dute eta bazkide guztien jarraipen zehatza egin dute, telefonoz edo aurrez aurre solastatuz eta uneoro informazioa trukatuz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo